CaixaBank Masterseko seigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan, eta txanponaren bi aldeak ezagutu zituzten gure pilotariek.
Lehenik eta behin, irailaren 4an Lasok eta Martijak ezin izan zuten Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan punturik bildu. Elordiren eta Mariezkurrena II.aren kontra 22-10 galdu zuten Lasok eta Martijak. Hala ere, Laso-Martijak bi puntu dituzte eta finalerdietan sartzeko aukera.
Aldiz, irailaren 5ean toki berberean jokatutako partidan, Ezkurdiak eta Albisuk 18-14 irabazten zieten Altuna III.ari eta Imazi. Une horretan Imaz gaizki sentitzen hasi zen, aldageletara joan eta ezin izan zuen jarraitu. Horrela, 22-14ko garaipena eman zieten Ezkurdia eta Albisuri, eta euren bigarren puntua lortuta, finalerdietan egoteko borrokan sartu dira.
Azken jardunaldia Altsasura helduko da
Caixabank Masterseko sailkapena estu dago. Elordi-Mariezkurrena (4 puntu) eta Zabala-Iztueta (4 puntu) daude buruan, eta finalerdietarako txartela ziurtatuta daude. Atzean daude Artola-Rezusta (3 puntu) eta Larrazabal-Zabaleta, Laso-Martija eta Ezkurdia-Albisu datoz, azken hirurak bina punturekin. Lau bikote hauen artean erabakiko dira finalerdietako beste bi tokiak. Azkenik, Altuna-Imazek puntu bakarra dute eta ez dute finalerdietara sartzeko aukerarik.
CaixaBank Masterseko zazpigarren eta azken jardunaldia asteburuan jokatuko da. Irailaren 11n Artola-Rezustak eta Elordi-Mariezkurrena II.ak Hondarribian jokatuko dute. Irailaren 12an, Altsasuko festetan, Ezkurdia-Albisuk Larrazabal-Zabaleta dituzte aurkari Burunda pilotalekuan, urrezko puntua jokoan dutela. Azkenik, irailaren 13an, Arnedok Laso-Martija eta Zabala-Iztuetaren arteko partida hartuko du. Ea zein bikok lortzen dituzten finalerdietarako jokoan dauden bi txartelak.