Martxan da II. Nafarroako Entsaladilla Onena Lehiaketa. Nafarroako 38 ostalaritza establezimenduk parte hartu dute, tartean Arbizuko Olatzea eta Altsasuko Kaixo. Azken horrek lehiaketako aurreneko edizioa irabazi zuen joan zen urtean. Jose Antonio Legarra Samper jabeak aurkezpenean esan zuenez, "saria oso garrantzitsua izan zen guretako, ikusgarritasuna eman zigulako eta publiko berria erakarri zuelako". Haien taberna-jatetxea Altsasun dagoela gogoratu zuen, eta jendea haraino mugitu zela adierazi zuen. Bestetik, azpimarratu zuenez, "komunikazioak eta sare sozialek mapan kokatu gaituzte".
Pasa den edizioko irabazlearendako, entsaladilla klasiko bat da ostalaritzan, eta oso eskatua dago, bai pintxo moduan, bai errazioan edo platerrean. Gainera, oso moldakorra da eta aldaera ezberdinak onartzen ditu, baina berarendako falta ezin diren osagai tradizionalak patata, arrautza, atuna, mahonesa eta azenarioa dira.
Lehiaketa Iruñeko Alde Zaharreko Elkarteak eta Ostalaritzako Enpresari Txikien Nafarroako Elkarteak antolatu dute, eta Hellmann’s, Ostalaritza Kooperatiba eta Maestros Aceituneros eta Cervezas Ambar dira babesleak.Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udalaren laguntza dute.
Herri bozketa
Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengo berrikuntza nagusia dela bezeroek hautatuko dituztela 10 entsaladilla finalistak, beren botoen bidez. Herri-bozketa hori lamejorensadilla.es webgunearen bidez egingo da, eta boto-emaile bakoitzak bere hiru entsaladilla gogokoenak aukeratu ahal izango ditu. Horretarako boto-emaileak zerrendatik bere entsaladilla gogokoena aukeratu behar du, plateraren argazki bat igo, datuak bete (izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa). Eragiketa hori hiru aldiz errepikatu daiteke posta elektroniko berarekin, eta botoa ematen den bakoitzean parte hartzeko zenbaki bat sortuko da. Botoa irailaren 11tik 20ko 17:00ak arte eman ahal izango da.
Entsaladilla finalistak Epaimahai Profesional batek dastatuko ditu, eta Nafarroako entsaladillarik onena aukeratuko du. Horrek Nafarroako Entsaladillarik Onena izatearen aitortza jasoko du, Hellman’s-ek emandako 1.000 euroko sariarekin
Aldi berean, beste Epaimahai Herrikoi bat egongo da, tapa honen zaleekin, eta 2026ko Entsaladilla Herrikoirik Onena aukeratuko dute. Saria produktu-sorta bat izango da.
Finala Ostalaritza Kooperatibaren Cash-en jokatuko da irailaren 22an, asteartean. Han banatuko dira bi sariak.