Jaibusaren joaneko bidaia eskaerapekoa da Ergoienan

Alfredo Alvaro Igoa

Autobusa Lizarragako markesina parean geldituta. ARTXIBOA

Bueltako bidaia beti bezala egiten da. Neurri bera aurretik Lizarragabengoan indarrean da

Sakanako festetara Jaibusean joan nahi duten unenuar, dorrobar eta lizerratarrek aurretik beraien asmoaren berri eman behar dute. Egunean bertan eta Jaibus zerbitzua martxan jarri aurretik jakinarazi behar dute autobus zerbitzua erabili nahi dutela. Horretarako interesa duten ergoendarrek 663 217 538 telefono zenbakira Whatsapp deia egin edo mezua idatzi behar dute. Bestela, zerbitzuaren Instagrameko jaibus_sakana kontuaren bidez harremanetan jar daitezke. Jakinarazpenak 22:00etarako egitea eskatu dute zerbitzuko arduradunek.

Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio programetako teknikarien ardurapean dago zerbitzua. Azaldu dutenez, "autobusean joaten diren arduradunen balorazioetan ikusten dugu jendea zein herritan igotzen den eta zeinetan ez. Horietan oinarrituta, ikusi izan dugu herri txikietan jendeak festara joateko ez duela Jaibusik hartzen".

Ergoienan hori gertatzen zela ikusita, teknikariak udalarekin harremanetan jarri ziren eta eskaerapeko Jaibus zerbitzua eskaintza egin zioten. Udalak onartu egin zuen eta garilaren 6az geroztik hala funtzionatzen du Jaibusak Ergoienan. Teknikariek nabarmendu dutenez, "zerbitzua bermatuta dago. Ergoendar batek bere herritik festetara autobusean joan nahi badu, gurekin harremanetan jarri eta autobusa pasako da". Ziurtatu dutenez, "martxan egon den bi hilabete hauetan ongi funtzionatu du". Teknikariek azpimarratu dutenez, "etxera bueltako zerbitzuak orain arte bezala, berdin-berdin funtzionatzen du. Jendeak eskatzen duen herrira eramanen du autobusak". Eta argitu dutenez, neurri bera hartu zuten duela bi urte Lizarragabengoan.

Eskaerapeko Jaibusarekin teknikariek nahi dute zerbitzua hobetzea. "Lehen herri guztietatik pasatzera behartuta zegoen autobusa, baina, beharbada ez zuen inor jasotzen. Eskaerapeko zerbitzuarekin, sakandar guztiei zerbitzua eskaintzeaz aparte, autobusaren alferrikako bidaiak saihesten dira eta ordutegiak zorrotz betetzeko aukera du.