Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskaltegiko ikasle sakandarren ahotsa entzun nahi izan du. Horretarako euskaltegian euskara ikasten ari den sei sakandarrengana jo du: Miren Bajo Palacios satrustegiarra, Diana Iribarren Etxarren ubertearra, Joan Mumbru Llavina lakuntzarra, Dimitris Argiryou dorrobarra, Ana Garisoain Ibañez eta Sahir Villacis Cabezas altsasuarrak. Atzeneko laurak Sakanako AEKko ikasleak dira, ubertearra Maizpide euskaltegiko ikaslea da eta Miren bietan aritu da euskara ikasten.
Euskara ikasle bakoitzarekin ikasketa prozesuari buruz izandako elkarrizketak grabatu egin zituen Aitor Karasatorre Muguruzak. Berak bost bideo labur sortu ditu. Bost bideo horietako bakoitzean euskara ikasleek galdera banari erantzun diote. Euskara ikasteko arrazoien ingurukoa izan zen aurreneko galdera. Horren ondoren euskaltegian duten giroaz argibideak emanen zituen boskoteak. Euskara ikasteak bakoitzari zer eman dion azaldu dute beste bideo batean. Aldi berean, euskara ikasteko dauden dirulaguntzen inguruan ere hizketatzen dira bost ikasleak. Azkenik, ikasitakoa praktikatzeko aukera ematen duen Mintzakide programaz ere aritu dira pantailaren aurrean.
Bideo horiek orain hasi dira zabaltzen Euskara Zerbitzuko teknikariak, euskaltegian matrikulazio garaia denean. Zabalkundea sare sozialen bidez eta guaixe.eus webgunearen bidez egiten ari dira. Euskara teknikariek azaldu dutenez, euskaltegien eskaintzaren eta dirulaguntzen berri izan nahi duenak euskara2@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera idatzi edo 948 464 840 telefono zenbakira dei dezake. Elaide.eus webgunean ere informazio guztia dago.
300.000 gehiago
Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi egoeran zeudela adierazi zuen 2024an. Ordutik hainbat ekinbide abiarazi ditu euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua onbideratzeko. Esate baterako, euskaltzaletasuna hauspotzea, ofizialtasunaren beharra azpimarratzea edo hizkuntza politiketan jauzia emateko premia. Kontseiluak berak aurtengo maiatzean erronka zehatz bat jarri zuen mahai gainean: hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzea.
Erronka hori lortzeko funtsezkoa da helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea. AEK, Maizpide, Leizaur, Elkarlan, Batuz eta Kontseiluko kideek elkarrekin prentsaurrekoan agertu ziren irailaren 8an. Euskara ikastea doakoa izan behar duela aldarrikatu zuten.
Agerraldian azaldu zutenez, euskararen normalizazio prozesuak erronka berriei aurre egin behar die. Esaterako, milaka euskal herritar berri ditugu gurean. "Hortaz, haiei euskara eskaintzeko, ezinbestekoa da sektorearen estrategikotasuna aitortzea, eta euskara eskuratzeko aukerak eta baliabideak bermatzea". Euskaltegietako ordezkariek esan zutenez, "eskaintza hori egiteko, beharrezkoa da euskalduntze eta alfabetatze bere jarduna egokitzea". Azaldu zutenez, Kontseiluak jarritako erronka anbiziotsua baina egingarria da". Horregatik, "ausardia politikoa, nahikoa baliabide eta gizarte osoaren inplikazioa" behar direla nabarmendu zuten.
Euskaltegian izena emateko garaia da iraila, eta sektoreko ikastetxeetako ordezkariek herritar guztiei euskara ikasteko deia egin zieten. Era berean, matrikulazio kanpaina zabaltzen laguntzeko eskatu zieten gizarte eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei eta erakunde publikoei.