Cederna Garalur elkarteak Nafarroako Mendialdeko Ondare migratua proiektua landu du. Haren bidez Nafarroako Mendialdeko 115 ondasunen memoria berreskuratu du. Ondasun horien guztien bereizgarria da jatorrizko kokalekutik desagertu zirela. Horretarako arrazoiak izan zitezkeen salmenta, lagapena, indarrezko lapurreta, utzikeria eta ahanztura. Garalurrek landutako proiektu horren bidez ondasun horiek deskribatu eta katalogatu egin dira.
Esanak
Elkarteko Pirinioaurreko tokiko garapen agente Carlos Garcia Pascualen hitzetan, “Ondare migratua proiektuak ez du objektu arkeologikoen ohiko katalogazio bat egitea helburu. Bidaia emozional bat da, tokiko parte hartzea sustatu duena, ondareari balioa nabarmenduz eta tokiko garapenaren motor bihurtuz”.
Proiektuaren alderdi teknikoaren arduradun izan zen Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirre Mauleon. Berak tokiko elkarteen eta norbanakoen inplikazioa azpimarratu zuen: “inbentario hau posible izan da gutxienez ehun informatzaileren laguntza eskuzabalari esker. Katalogoa landa-lan mardularen emaitza da, herriz herri bisitak eginez eta herritarrekin harreman zuzenak ezarriz lortu dena“. Horri esker, “115 ondasun higigarri identifikatu eta deskribatu ahal izan dira, oso kategoria eta garai desberdinetakoak, arte objektuetatik hasi eta argazki bildumetaraino edo industria-ondareraino”. Agirrek nabarmendu zuenez, katalogoa “tresna irekia eta dinamikoa da, eta etorkizunean ekarpen berriak egiteko aukera emanen du”.
Garalurreko presidente Arantxa Arregi Alberrok adierazi zuenez, “proiektu honek gure sustraien parte diren ondasunei lotutako memoria kolektiboa berreskuratzen du. Ondareak gure historiaz eta nortasunaz hitz egiten digu, nondik gatozen ulertzen laguntzen digu eta gure komunitatearekiko loturak sendotzen laguntzen digu”. Arregik gaineratu zuenez, “ondarea ez da iraganeko zerbait soilik, gure nortasuna ere definitzen du. Gazteek arimadun lekuetan bizi nahi dute. Gure historia gure nagusien bidez berreskuratzeak belaunaldien arteko loturak estutzea, gure nortasuna eraikitzea eta gure herriekin lotura emozionala sortzea esan nahi du”.
Landa Garapeneko zuzendari nagusia Ruben Goñi Urrozek, berriz, azpimarratu zuen “ondareak ekonomia baliabide gisa duen ahala, turismoaren esparrutik haratago ere, hori baita ekonomia garapenerako programen helburuetako bat”. Izan ere, Agirreren iritziz, “toki erakundeak ari dira aurkikuntza horiei balioa nola nabarmendu pentsatzen, auzolanen bidezko jarduerak, ikasleendako bisitak eta zientzia jarduerak antolatuz”.
Sarean
Aurkikuntza horiek zabaltzeko eta haien memoria kolektiboa gordetzeko, patrimoniomigradonavarra.eus webgunean eskuragarri dago. Bertan sartzen denak irekia den online katalogoa opatuko du. Fitxa bakoitzak ondasunaren deskribapena, lekualdaketari edo egungo kokapenari buruzko informazioa eta, ahal izan denean, lehengoratzeko edo berreskuratzeko proposamenak jasotzen ditu.
Sakanako ondasunak
Uharte Arakil
Aralarko santutegiko esmalteak
Erdi Aroa
Arte ondarea
Erlijio erabilera
Egile ezezaguna
XII. mendeko Limogesko esmaltegintzaren eta arte erromanikoaren gailurreko obretako bat da Aralarko San Migel santutegiko aldarea. Hura 1979ko martxoaren 3tik 4rako gauean lapurtu zuten René Alphonse van den Berghe arte-lapur entzutetsuak, Erik el Belga, eta bere taldeak. Lapurretak, gizarte eta kultura zirraraldi sakona eragin zuen. Nazioarteko polizia ikerketa konplexu baten eta gaizkilearen beraren ondorengo atxiloketaren ondoren (zigorra murrizteko asmoz agintariekin kolaboratzen amaitu zuen), altxor artistiko horren zati gehienak 1981 eta 1983 urteen artean berreskuratu ziren Europako hainbat tokitan. Horri esker, aldarearen zaharberritze xehea eta 1984an santutegian berrezartzea ahalbidetu zen.
Itzultze operazioen arrakasta handia izanda ere, aldarearen multzoa ez dago osorik jatorrizko hiru esmalte inoiz ez baitziren lokalizatu eta gaur egun toki ezezagunean jarraitzen dute.
Uharte Arakil
Aralarko santutegirako Cigak egindako mihiseak
XX. mendea
Arte ondarea
Erlijio erabilera
Javier Ciga
Javier Cigak Aralarko San Migel santutegirako egindako formatu handiko hiru margolan dira, pieza nagusiek 500 x 375 cm-ko dimentsioa dute. Mihise gaineko olioz eginda, marouflage teknikaren bidez, margolan hauek santutegiaren arkitektura sakratuan integratzeko berariaz sortuak izan ziren. Haien diseinu fisikoa arretaz aztertu zen; formak eta egiturak absideen kurbadurara eta frontalen konfiguraziora zehaztasunez egokitzeko pentsatuta zeuden, espazio arkitektonikoa artearen eta tenpluaren arteko sinbiosi osoa bilatzen zuen diskurtso bisual baten euskarri natural bihurtuz. Mihiseak dira: "Eukaristiaren Gorazarrea", "Aingeru onen eta aingeru matxinoen arteko borroka" epikoa eta "Done Mikelen agerraldia Teodosio Goñikoari" historikoa.
1974ko santutegiaren zaharberritzearen eta Vatikanoko II. Kontzilioaren ondorengo joera estetiko berrien ondorioz, elizak aldareez eta barruko pinturez biluzten joan ziren. Gotzaindegiak pinturak Nafarroako Diputazioari eman zizkion.
Etxarri Aranatz
San Gregorio eta Kontzezioko hilarriak
XII. eta XIV. mendeen artean
Etnografia ondarea
Erlijio erabilera
Egile ezezaguna
Lau hilarri diskoidal dira, bertako harrobietako harriz eginak: marroi kolorezko hareharria. Ohiko itxura dute: buru borobil edo obalatua eta profil trapezoidala. Diskoen diametroak 42 eta 52 cm artekoak dira; altuera, berriz, 44 eta 54 cm artekoa da eta 15 eta 16 cm-ko lodiera dute. Horrek haien egonkortasuna eta kontserbazio-egoera bikaina bermatu du. Harriaren gainean erliebean landutako dekorazioa aberatsa da geometria, lore eta izar sinbologian, eta motibo apaingarriak bi aldeetan errepikatzen dira.
Piezak Erdi Aro Garai eta Berantiarrekoak dira. Hain zuzen ere Etxarri Aranazko hiri bildua 1312an sortu zen, inguruko herrixketako jendeak toki bakarrean bizitzen jartzean. Hilarriek hileta eta oroitzapen funtzioa bete zuten, herriko antzinako baselizen inguruan aire zabalean kokatutako nekropolietan mugarri bisual gisa balio baitzuten.
Etxarriar batek jaso eta zaindu zituen, udalari dohaintzan eman arte. Elizako mendebaldeko estalpean daude ikusgai.
Etxarri Aranatz
Bataiarria
XIII. eta XV. mendeen artekoa
Arkitektura ondarea
Erlijio erabilera
Egile ezezaguna
Despopulatuko eliza hondatzean, bakarren batek bataiarria hautsi zuen. Etxarriar batek bataiarriko piezak jaso, zaindu eta babestu zituen. Hareharrizko zazpi zati dira, tamaina desberdin eta forma irregularrak dituztenak. Honakoak dira: bataiarriaren oinari dagokion zati handi bat; bataiarriaren ertza eta horma kurbatuak osatzeko elkarrekin ahokatzen diren bost zati; eta tamaina txikiagoko zati solte bat.
Bere estetikagatik Sakanan Erdi Aroan egindakoen antzekoa da: goiko kopa zabala eta joera geometrikoa duen oin sendoa. Bataiarriaren kopak 70-85 cm arteko kanpo diametroa izanen zuen, eta dauden piezen altuera 60 cm-koa da.
Etxarri Aranatz / Bakaiku-Burunda
Irumugetako mugarria
Erdi Aroa
Etnografia ondarea
Erabilera zibila
Egile ezezaguna
Irumugetako harrizko mugarria da eta 965 metroko altueran kokatuta dago. Toki estrategikoan dago: Etxarri Aranatz, Ataun eta Burundako Ibarreko udal-mugarteek bat egiten duten tokian. Gainera, Kantauri eta Mediterraneo aldeko uren banalerroan dago. 1777. urtean egindako mugarria hareharrizko bloke bat da, eta bere aurpegi bertikaletan zizelez grabatutako marka eta inskripzio epigrafikoak ikus daitezke, lurraldeak historikoki mugatzen dituztenak; horien artean nabarmentzekoak dira zenbakiak (estazioko ondoz ondoko 5, 6 eta 7 mugarriei lotutakoak) eta jurisdikzio/udal edo probintzia bakoitzari dagozkion letrak. Denborak itxura primitibo eta totemikoa ematen diote harriari, eta gaur egun XVIII. mendean finkatutako muga-trazatu bera jarraitzen duten txarrantxa hesiaren ondoan dago. Mugarriaren inguruko kondairak Sakanako eta Goierriko nortasun kolektiboaren zati banaezina dira. Haietan artzain, egurgile eta kontrabandistak ageri dira. Bere jatorrizko tokian jarri zuten berriro.
Bakaiku / Iturmendi
Trinitateko hilarria
Erdi Aroa
Etnografia ondarea
Erlijio erabilera
Egile ezezaguna
Bakaikuko eta Iturmendiko Santa Marina baselizako erlijio eremuan ezaguna eta bistan zegoen estela diskoidal bakarra da. Baselizaren eraikinen ondoan zegoen, eta mendiko larre ingurunean nabarmentzen zen. Deboziozko estimua zioten, eta bizilagun eta erromes guztiek ezagutzen zuten, haren esanahia eta historia ez zekiten arren. Hilarri borobila, buru biribilekoa, biribilaren barruan gurutze bat zizelkaturik zuen, eta oin leun zein zuzena lurrean ainguratzeko. Bakarren batek lapurtu zuen, edo desagertu egin zen.
Altsasu
Zubiría y Compañía izeneko paper fabrikaren zigilua
XIX. mendea
Industria ondarea
Administrazio erabilera
Egile ezezaguna
Altsasuko paper fabrika 1877ko azaroaren 8an hasi zen, Donostian Zubiría y Compañía sozietatea eratu zen, Fernando Zubiria Albizu Iturmendiko industrialaren partaidetzarekin. Fabrika Altsasuko burdinola zahar baten lursailetan finkatu zen (Beheko benta auzoan). Helburu nagusia lastozko papera eta kartoia fabrikatzea eta saltzea zen, bai estatuko merkaturako, bai bertako kolonietarako.
Sute batek lantegia txikitu zuen 1883ko martxoan. Guztia berregin zuten, baina 1884ko irailaren 24an, atzera ere, sutea izan zen. Orduko hartan lantegia txikituta gelditu zen. Aparte, paper fabrikak lehengai gabezia larria izan zen. Baina metatutako zorraren ondorioz, legeak behartuta, enpresak industria jarduera guztiak behin betiko eten zituen 1890. urtean. Bertako makineria eta tresna guztien salmentaren ondorioz ondarea galdu zen.
Olatzagutia
Aldoiarko giza hezurrak
Neolitiko akabera edo Calcolitiko hasiera
Arkeologia ondarea
Erlijio erabilera
Egile ezezaguna
Gazte olaztiar batzuek Aldoiarko koban hezurrak opatu zituzten, guztira giza hezurren 280 zati baino gehiago: heldu baten buru hezur bat, garezurreko 92 zati, 20 saihets-hezur, 13 orno eta gorputz-adar, esku, oin eta pelbisetako 130 aztarna eta hortzak. Material gehienak zoriz salbatu ziren eta hamarkadetan Cementos Portland enpresako kaxetan kontserbatu dira.
Olaztiarrek Vianako Printzea erakundeari eta Jose Migel Barandiarani erakutsi zizkieten, baina haiek ez zuten interes handirik agertu. Ondoren, Portland enpresako medikuari utzi zizkioten, eta hark oinarrizko sailkapen bat egin zuen hezur moten arabera. Hamarkadetan egon ziren medikuaren etxean, baina hura eraitsi zuten eta baliteke barruan material gehiago egon izana eta galdu izana. Hezur batzuk eta silexezko gezi punta bat salbatu dira, oso lanketa onekoa eta kontserbazio-egoera bikainean dagoena.
Olatzagutia
Dinosauro buruhezurra
Goiko Kretazeo
Arkeologia ondarea
Natura erabilera
Egile ezezaguna
Goi Kretazikoan Sakanan klima tropikala eta itsaso epel eta ez oso sakona zegoen. Egibil harrobiko sedimentu harrien geruzek (margak eta kareharriak) agerian uzten du eremu horri azaleko itsas ingurunearen eta itsas mailaren aldaketek eragiten ziola. Horrek baldintza egokiak sortu zituen bai uretan bai inguruko lur azaleratuetan bizi zen biodibertsitate aberatsaren sedimentaziorako eta ondorengo fosilizaziorako. Beraz, Egibilgoak bezalako Goiko Kretazeoko formazioetan dinosauroen aztarna fosilak egotea zientifikoki probablea da.
Animalia hauek kostaldetik gertu hiltzen zirenean edo haien gorpuak ibaiek itsasorantz eramaten zituztenean, itsas korronteek sakonera gutxiko hondo lohitsuetan jozten zituzten; bertan, gaur egun harrobiko kareharriak formatzen dituzten sedimentuek azkar estaltzen zituzten, sarraskijaleengandik eta erosiotik babestuz.
Lekualdatze arrazoia: bildumazaletasuna eta paleontologia alorrean harrobiaren ustiapenean kontrol eza.







