Asteburuan Nagoreko Triatloi Supersprinta, Nagoreko Triatloi Olinpikoa eta Nagoreko Emakumezkoen Triatloia jokatu ziren Artzibarko bailarako izen bereko herrian. Triatleta asko animatu ziren eta egun bikaina pasatu zuten.
Nagoreko Triatloi Supersprinta Nafarroako Supersprint Txapelketa izan zen aldi berean. Triatletek Nagoreko urtegian 300 m igeri, 8 km bizikletan eta 2 km korrika egin behar izan zituzten. Azkarrena Saltoki klubeko Javier Alcaide izan zen (25:13), probako lehen juniorra. Sakana Triatloi taldeko Isidro Asurabarrena 25. sailkatu zen (32:59). Emakumezkoetan Arenas klubeko Maria Lainez izan zen nagusi (29:00). Nagoreko Emakumeen Triatloiak eta triatloi proba herrikoiak Nafarroako Supersprint Txapelketako distantzia bera izan zuen.
Nagoreko Triatloi Olinpikoa ere Nafarroako Txapelketa izan zen. Kasu honetan egin beharreko lana nabarmen gogortu zen: Nagore urtegian 1500 m igeri, 41 km bizikletan eta 10 km korrika. Gizonezkoetan 81 triatletek osatu zuten proba, Saltoki taldeko Fermin Camarero buru zela (2:03:31). Camarero 23 urtez azpiko lehen triatleta izan zen, aldi berean. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra hamaseigarren sailkatu zen (2:18:50), eta probako bigarren beteranoa izan zen. Hiruki taldeko Jose Ignacio Mikeo 40. sailkatu zen (2:33:18). Emakumezkoetan 17k lortu zuten proba osatzea, Paula Murillo (Triatlon Antsoain) buru zela (2:28:46).
Erreleboetan hamar bikote lehiatu ziren eta Equipo A taldeko Aimar, Jorge eta Oscar gailendu ziren (2:11:37).