Hamahirugarren edizioa du aurtengoa Irurtzungo eta Arakilgo bertako ganadu azokak. Irailaren 13an, igandea, izanen da, eta azokak hiru espazio ditu, eta 10:00etatik 14:30era zabalik izanen dira. Tokiko ganadu arrazen erakusketa hartuko du plazako frontoiak. Han ardiak, behiak, txerriak, zaldiak, oiloak, astoak eta beste izanen dira ikusgai. Foru plazan, berriz, hainbat produkturen ekoizleek eta nekazarik zuzenean saltzen egonen dira. Besteak beste, ogia, barazkiak, gaztak, euskal txerriarekin egindako produktuak... Guztiak agroekologian landuak. Eta, azkenik, Lizarra kalean Arbaso artisau elkarteko kideen postuak izanen dira: zapatagileak, pilotagileak, bitxigileak...
Ohi bezala, gazta lehiaketa jokatuko da azokan. Plazako informazio gunean jendeak izena eman behar du. Kuota txiki bat ordaintzen du. Horrek azokan dauden gazta guztiak probatzeko eta gogokoaren alde botoa emateko aukera ematen die. Pottoka Lagun elkarteko kideek azoka baliatuko dute Pausoka proiektuari eta mikromezenazgo kanpainari buruzko informazioa emateko. Gainera, pottoka haragiz egindako produktuak dastatzera emanen dituzte.
Azokaren aurretik, irailaren 11n, ostirala, 18:00etan, Euskal Herriko ardo dastaketa izanen da, Hiriberri Arakilgo Txitera elkartean. Bosgarren urtea da antolatzen dutena, eta "arrakastatsua da. Beti betetzen da. Hain ezaguna ez den upategi batetik etorriko dira beraien ibilbidearen eta ardoen inguruko azalpenak ematera. Behar bada tabernetan opatzen ez ditugun ardoak dira", azaldu dute antolatzaileek; 30 plazak beteta daude, eta jendea kanpoan gelditu da.