Pilota

Ezkurdia-Albisu, Masterseko finalerdietara

Maider Betelu Ganboa

Ezkurdia eta Albisu, pilotak aldatzen.

Laso-Martija Zabala-Iztuetaren kontra erori eta gero, Masterseko finalerdietarako azken txartela lortu dute Altsasuko festetan Larrazabal-Zabaleta mendean hartu zituzten Ezkurdia-Albisuk. 

CaixaBank Masterseko zazpigarren eta azken jardunaldia jokatu zen asteburuan. 

Irailaren 11n, Hondarribian, Artola-Rezustari 10-22 irabazi zieten dagoeneko finalerdietan sailkatuta zeuden Elordi-Mariezkurrenak. Artola eta Rezusta gainontzeko partidetan zer gerta itxaroten geratu ziren. 

Altsasuk Ezkurdia-Albisu eta Larrazabal-Zabaleta bikoen arteko partida hartu zuen irailaren 12an itxura oso ona zuen Burunda pilotalekuan. Partida gogorra izan zen eta lau pilotariak ederki aritu ziren, pilotazaleen gozamenerako, partida ederraz gozatu ahal izan baitzuten. Ordu bat eta 8 minutu iraun eta 590 pilotakada gurutzatu ziren norgehiagoka oso paretsua izan zen. Hasieran Ezkurdia eta Albisuk hartu zuten aurrea, bizpahiru tantorengatik, baina partida erdialdean urdinek berdindu eta Larrazabal-Zabaleta izan ziren aurreratu zirenak, bizpahiru tantoaren aldearekin, alde handia hartu gabe. Nor baino nor, azken txanpan berdindu egin zuten gorriek, 20ra. Zabaletak normalean egiten ez dituen akatsak egin zituen tarte horretan, eta, azkenean, Ezkurdiak eta Albisuk 22-20 irabazi zuten partida. Larrazabal eta Zabaleta Masterseko finalerdietatik kanpo geratu ziren, eta Ezkurdia eta Albisu igandean Laso-Martijak eta Zabala-Iztuetak irailaren 13an Arnedon jokatu beharreko partidaren emaitzaren zain geratu ziren. 

Laso-Martijak eta Zabala-Iztuetak Arnedon jokatutako partidak ordu bat eta 5 minutu iraun zituen eta 658 pilotakada gurutzatu ziren. Zabalak eta Iztuetak finalerdietarako txartela lortua zuten, eta, beraz, partida irabazteko presioa Lasok eta Martijak zuten, finalerdietan egoteko partida irabazi beharra baitzuten. Baina Zabalak eta Iztuetak ez zizkieten gauzak batere erraztu. Partida oso borrokatua izan zen, hasieran oso paretsua: bina, hiruna, seina eta zazpina, hamarna eta hamaikana berdindu zuten, tanto oso luzeetan. 11ko berdinketa hautsi zuen tantoa ikusgarria izan zen eta Zabala-Iztuetaren alde erori zen, Zabalak egindako gantxo ikusgarri bat. Lasok arrisku gehiago hartu zuen, eta zenbait akats egin zituen. Hortik takada ederra hartu zuten Zabala-Iztuetak, 12-16. Azkenean, partida ongi itxi eta 22-16 gailendu ziren. 

Ondorioz, Laso-Martija finalerdietatik kanpo geratu ziren eta Artola-Rezustak eta Ezkurdia-Albisuk lortu zuten finalerdietarako txartela, aurretik Zabala-iztueta eta Elordi-Mariezkurrena sailkatuta baitzeuden. 

Finalerdiak
CaixaBank Masterseko finalerdiak urriaren 2an jokatuko dira Nafarroa Arenan. Zabala-Iztuetak Ezkurdia-Albisu izango dituzte aurkari, eta Elordi-Mariezkurrenak Artola-Rezusta. Finalak toki berean jokatuko dira, urriaren 4an. 

Bakaikoak galdu
Jaialdia zabaltzen zuen partidan Bakaikoa-Arangurenek 11-22 galdu zuten Apezetxea II.-Gaskueren kontra.