Migrazioen plangintza eta kudeaketari buruzko estatuko topaketa, Migradmi, Lanzaroten egin zen irailaren 9an eta 10ean. Kanariar Uharteko Gobernuak eta Canarias Convive programak antolatu zuten. Eta han saria jaso zuen Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak.
Zer sari jaso du Anitzarteanek?
Kultura aniztasunaren kudeaketan praktika onen saria. Sakanako Mankomunitateak kulturen arteko elkarbizitzarako 20n urteotan martxan jarri dituen eduki eta politika horiek saritu dituzte. Praktika onen bost sari banatu zituzten. Zer saritu den eta zer baloratu den azaldu zuten. Eta ondoren bost minutu genituen azalpenak emateko. Anitzartean zerbitzuaren nondik norakoak azaldu nituen, gure lan egiteko moduan dagoen berrikuntza eta sariak zer suposatzen duen esan nuen.
Zer sari jaso zenuen?
Plaka bat. Zera jartzen du gaztelaniaz: "Migradmi, estatuko migrazio topaketa. Sakanako eskualdea, administrazio publikoek migrazioak eta kulturen arteko bizikidetza kudeatzen egindako ekarpen eredugarriagatik".
Horrek zer esan nahi du?
Urteotan guztietan egindako lanaren fruitua jasotzen hasi gara. Mank kultur aniztasunaren kudeaketan erreferente bat da. Hona iritsi gara hasiera-hasieratik ematen ari garen pauso horiek egokiak eta zuzenak direlako, bide egokitik goaz. Nahiz eta ikasteko eta hobetzeko asko dugun. Hasiera haietatik, modu batera edo bestera, tamainan, izaera anitzeko ekarpena ekarri duen pertsona guztiei esker iritsi gara puntu honaino. Beraz, saria pertsona guztiena ere bada. Bestela ezinezkoa izanen litzatekeelako momentu honetan puntu honetan egotea. Eta estatu mailako sari bat da.
Horrek ekarriko du beste batzuendako eredu izatea?
Bai, baliteke. Topaketan, nire hitzartzearen ondoren, kontaktuak trukatu genituen Bartzelona, Bilbo, Errioxa, Tenerife, Madril eta hainbat tokitakoak. Ea zer dakarren. Nolabaiteko aliantzak sor litezke. Sakanatik haragoko proiekzio bat ekar dezake. Nik ere kontaktuak eskatu nituen, esperientzia oso interesgarriak ezagutu nituelako. Esperientzia duten eta gai hauetan jantzita dauden izen handiko profesionalen ahotatik entzunda, jabetu naiz Mank-ek gauza batzuk oso ongi egiten dituela. Badugu gauza asko ikasi eta hobetu beharra, baina ez gabiltza bide okerretik, ez. Gainera, sari hau oso momentu berezian heldu da. Alde batetik, mundua dagoen moduan halako saria jasotzeak esan nahi du egiazkoak diren beste istorio batzuk, errealitate batzuk, kaleratzen ari garela. Hori beharrezkoa da. Kulturen arteko bizikidetzan praktika onen saria jasotzeak esan nahi du nolabaiteko euste gerra moduko bat dela, baina beharrezkoa dela. Bestela deshumanizazioa ikusten duzu. Eta Sakana ez doa hortik. Aipatu nuen horretan hedabideek zeregin handia duzuela. Mank-eko komunikazio zerbitzuak, Diario de Noticiasek eta GUAIXEk gai hauekiko duzuen sentiberatasunak badu zeregina. Eta hori asko eskertzekoa da. Gainera, Sakana Harrera Harana elkartea 2016ko irailean sortu zen. Urte hartan bertan ere Zaska sortu zen, Nafarroako Zurrumurruen Kontrako Sarea. Mank bi erakunde horiekin elkarlanean ari da. Horregatik ere iruditzen zait oso momentu berezian iritsi dela sari hau.
Sari banaketa topaketa batzuen barruan izan zen. Zer moduzkoa izan zen topaketa?
Zenbait atal izan ziren, hainbat tokitako esperientziak elkartu zituztenak: Bilboko Begirune fundazioak bere lan egiteko modua azaldu zuen, Xabier Aierdi soziologoak ere parte hartu zuen; Bartzelonako Raval auzoko auzokideak; Rescate Lanzarote, jendea itsasotik ateratzen laguntzen duen boluntario elkartea...
Zer zen gehiago praktikak erakustea edo maila teorikoan aritzea?
Aurreneko egunean maila teorikoan ibili ginen gehiago. Eta atzeneko egunean praktikak izan ziren nagusi. Penintsulatik joandako hainbat erakunde, entitate eta elkartek praktikan nola jartzen dituzten beraien egitekoak. Topaketan gehien baloratu zena zen auzotik nola egiten den lan. Eta norberak bere esperientziaren berri ematen zuen. Denetarik zegoen: duela hiru urte hasitakoak, besteak hamabost urte, 2020an hasitakoak... Denetarik pixka bat zegoen, errealitate anitzak. Zer funtzionatzen dien, nola hasi ziren, zer momentutan dauden... Halakoak azaldu genituen.
Mundu mailan aniztasunaren kontrako mezuak zabaltzen ari dira. Topaketan kontrako testuinguru hori presente izan zen?
Izan zen, baina nahiko arin. Aipamenak izan ziren.
Erakundeek aniztasunaren eta bizikidetzaren alde nola egin dezakezue lan?
Funtsezkoa da elkarlanean aritzea, bai tokiko mailan, ibar mailan Sakanako kasuan, bai eskualdetik kanpoko erakundeekin ere bai. Gure kasuan Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politikako Departamentua, SOS Arrazakeria, Zaska... Halako erakundeekin elkarlana gakoetako bat da. Jakina, Sakanan dauden hainbat erakunde, zerbitzu, talde, elkarte, adin guztietako pertsona eta boluntarioekin elkarlan estuan aritu beharra dugu.
Beste gako bat da hizkera, erabilitako hitzak eta hitz egiteko modua zaintzea, egoki erabiltzea. Ez da bidezkoa inbasioaz, "abalantxaz" hitz egitea, halako hitzak erabiltzea. "Etorkinak ehizatzea". Horrek deshumanizazioa ekartzen du. Eta ikusten ari garen moduan, deshumanizazio horrek, akaso gehiegi esatea da, baina ez dakit maila batean bada ere beste genozidio baten bezperan jartzen ari ote gaituen. Edo jarri ote gaituen. Geroz, gauzari, pertsonari, egoerari dagokion izena eman behar zaio, dagokion tokia. Dauden egiazko errealitateak ikusarazi behar dira. Fokua dagokion tokian jarri behar da. Ez biktimetan, baizik eta biktimario direnetan. Horrek humanizaziora eramanen gaituelako, eta ez deshumanizaziora.
Bestetik, prozesua da garrantzitsua. Mank-etik herriari hitza eman. Egiten ditugun ekimenak sakandarrek proposatutakoak dira. Eta lanketa hori herritarrek egiten dute. Hor prozesu bat dago, eta prozesu horretan sakandarrak elkar ezagutuz doaz. Eta hor bilatzen da elkarrekiko ahalik eta hartu-eman justuena, berdintzaileena, osasuntsuena izatea. Izan ditzakegun irudipen, iritzi eta estereotipo horiek desmuntatuz joateko. Aitortza bat jaso dugulako hau ez da orain bukatzen den prozesu eta lan bat. Egunerokoa da, ez du bukaerarik. Bide honetan jarraitu egin behar da.
Bidean aurrera egiteko zerbait ikasi duzu?
Jakina. Ikasi dut gauzak ez direla suposatu behar. Askotan iruditzen zaigu pertsona bat ikusita hala jokatuko duela. Eta ez du zertan hala izan. Ikasi dut denbora gakoa dela. Emaitzak akaso batzuetan ez direla zuzenean jasotzen, batzuetan bai, besteetan ez. Baina sari hau bera ere hogei urteren buruan etorri da. Pazientzia gakoa da. Eta jarraitutasuna ere bai. Ikasi dut baita ere batzuetan ibilbide hau ez dela erraza izaten. Baina indarra jarri behar dugu lortzen ditugun aurrerapauso txiki horietan. Altsasuko Cheick Lok Yakaar (itxaropena) liburua argitaratu du. Eta ikasi dut itxaropena gakoa dela halako lanetan. Gizakiekin ari garelako lanean. Elkarrekin. Ez gizaki batzuendako, ez, elkarrekin, ahal den modurik horizontalenean. Horrek dituen zailtasunekin.
Hausnarketa asko egin ditut. Giza eskubideez aritzen gara, eta migrazioa eskubide bat da. Baina giza eskubide batzuk urratzen direnean unibertsaltasuna desagertzen da. Eta nik migratzeko eskubidea badut, apika ez da eskubidea, baizik eta pribilegioa. Pribilegio horren aurrean gorputz txuriok hausnartzeko asko dugu. Orokorrean, gorputz txuriok zer punturaino dugu zerikusirik migrazioekin?
Ikasi dut baita ere, eraldaketa herritik etorriko dela, behetik, kolektibotasunetik. Azken urtetan Sakanako Mankomunitateko Euskara, Berdintasun, Kirola eta Anitzartean zerbitzuek egiten ari garen hainbat proiektu ere berritzaile gisa baloratu dituzte saria ematerakoan. Geroz, pozik egoteko arrazoi asko dauzkagu. Ospatzeko. Aurrera segitzeko. Eta eskerrak emateko.
Gustuko ideiak ekarri dituzu?
Bai, bai.
Topaketa pasata, gainerako erakundeen egoera ikusita, balizko ranking batean Sakanako Mankomunitatea nola dago kokatuta?
Goian, goian. Jardunbide egokien bost sari banatu zituzten. Mank izan zen saria jasotzen azkena. Eta egindakoaren inguruko azalpenak emateko denbora gehiago eman ziguten. Eta epaimahaiak saria emateko garaian zer baloratu zuen Carlos Gimenez Romerok esan zuen: "zerbitzuaren zeharkako ikuspegia baloratzen da, kultura aniztasuna hainbat esparrutan integratzen duena, esaterako harrera, hezkuntza, berdintasuna, kirolean, euskara, gizarte zerbitzuak, herritarren parte-hartzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren prebentzioa. 2025ean, 25 jarduera antolatu ziren, 3.000tik gora parte hartzaile izan ziren, 92 boluntario eta 15 udalen, ikastetxeen, zerbitzu publikoen, gizarte erakundeen eta komunitate sareen inplikazioa izan zuten". Landa eremuan kultur aniztasunaren kudeaketa zeharkakoa izatea lortu dela nabarmendu zuen. Gimenez bizikidetzan eta kulturaniztasunaren kudeaketan eminentzia bat da, oso jantzia dago, urtetan aritutako profesionala da. Saria jaso nuenean zera esan zidan: "ongi egindako lana, Begoña".
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean batzordeko edo Sakanako Harrera Mahaiko kideei zer kontatuko diezu?
Kontu pila. Saria ematerakoan zer gauza baloratu diren, elkarrizketa honetan adierazitako puntuak, iritsi den momentua, parte hartzea. Zerbitzua sakandarrena da, sakandarrek egiten dute. Horregatik deitzen da Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua. Kultur anitzetako pertsonek, pertsona anitzen artean eramaten delako aurrera. Esandakoa, hitzek badute bere garrantzia. Eta ez da kasualitatea zerbitzuak izen hori izatea. Hasieran Immigrazio Zerbitzua zen. Ondoren Migrazioak eta Aniztasuna izan zen. Baina bilatzen zuen helburua ez zuen biltzen. Baina 2016tik aurrera, bai. Kontatuko dut ere segitu behar dugula bizi-bizi aurrera, itxaropenez, guretik dugun onena gehituz.
Nafarroako Gobernuaren Nafarroa Koloretan saria jaso zuten 2023ko abenduaren 18an. Sari berri honen ekarpena zein da?
Honek estatu mailako proiekzioa du. Beste dimentsio bat du. Beste maila bateko aitorpena da. Hau erreferente izatea da. Eta lan egiteko modu hori eredu egoki bezala beste eskualde batzuetara zabal liteke. Elkarlana izugarri erraztu dezake.
Anitzartean zerbitzuak zer osasun du?
Osasuntsu dago, baina bere osasuna zaintzen jarraitu behar du. Ardoa bezala, gero eta hobe egotea da asmoa. Egonkortuta dago, gizarte hezitzailearen eta kultur bitartekariaren lanpostuak plantilla organikoan daude.
Sakandarrek bizikidetzarako bitartekari zerbitzua ezagutzen dute?
Baietz esanen nuke, erabiltzen delako. Premia dagoelako, ez da geldirik gelditzen. Orain lanean ari den bitartekariak bost hizkuntza dakizki: euskara, gaztelera, arabiera, frantsesa eta ingelesa. Geroz, jende askorengana iristen da.
Kultura arteko bizikidetzarako zer pauso eman beharko ditugu sakandarrok?
Jendeak jarrai dezala proposamenak egiten, parte hartzen. Zurrumurruen kontrako estrategian janztea proposatuko nuke. Ondoan daukan auzokoa ezagutzeko pausoak ematea, galdetzea. Ez du zertan zaila izan beharrik. Dena hastea da, pausoak ematea. Eta hanka sartuko bagenu, posible dela, lasaitasunez hartu. Badaukagulako aukera konpontzekoa, hobetzekoa. Gurera bizitzera etortzen den pertsona hori pixka bat ezagutuko bagenu, jakinen bagenu zergatik etorri den, edo etorri nahi zuen, edo ekarri duten. Zeren makina bat errealitate egon daitezke. Baina jakinen bagenu beste modu batean hitz eginen genuke, eta beste modu batera biziko ginateke, hobekixeago esanen nuke. Honek ez du esan nahi elkarbizitza horretan gatazkarik izanen ez denik. Elkarbizitza baldin bada, gatazka izanen da elkarbizitzan. Kontua da nola kudeatzen den. Eta horretarako zerbitzuak daude: Mank-en Anitzartean eta bitartekaritza zerbitzuak.
Sariek norabidea markatzen dute, edo bide berriak ere ibili behar dira?
Sakanaren kasuan herri bakoitzak markatuko du zer bide eraman nahi duen. Eta bidea baino gehiago, nola aurrera eraman nahi duen. Eta hor administrazioak malgu egon beharko du, errealitate bakoitzari egokitzeko, eta behar diren zerbitzuak eskaini ahal izateko. Gauza berriak etor daitezke, noski. Beti ere Giza Eskubideen errespetuaren markoan baldin badatoz, eta zerbitzutik bilatzen den bizikidetza horretarako pausoak emateko bide egokitik badatoz. Modua? Ikusiko da. Herritarrek nahi dutena. Hortik parte hartzea benetakoa izanen delako. Eta emaitza baikorrak hortik ateratzen direlako: ekimen komunetan parte hartzen dutelako hainbat kulturetako pertsonek. Eta hori dena euskaratik.

