Hedabideetan eta sarean euskararen inguruan argitaratzen direnak eskura

Guaixe

Telefonoan sailkatuta jasotzen dira loturak. UTZITAKOA

UEMAk Euskararen Hemeroteka eskaintzen du goizero Telegram bidez.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Euskararen Hemerotekaren berri emanen du astegun goizetan. UEMAk hedabideetan eta sarean euskararen inguruan argitaratzen diren albisteak, elkarrizketak eta iritziak biltzen ditu. Bilduma osatzeko, UEMAk Euskal Herri osoko euskarazko 80 iturri baino gehiago arakatzen ditu goizero, lehen orduan: hedabide orokorrak, tokikoak, sareko agerkariak, euskalgintzako eragileak, erakundeen webguneak edota hizkuntza-politikari, soziolinguistikari, euskalduntzeari eta ikerketari lotutakoak. Horietaz aparte, euskararen inguruko albisteak jorratzen dituztenean, erdarazko hedabideen edukia ere jasotzen du Euskararen Hemerotekak.

Emaitza, goizero lau ataletan eta zerrenda modura antolatutako edukia da: albisteak eta erreportajeak, elkarrizketak, iritzia eta tokian tokiko albisteak. Ekimen zehatzen inguruan albisteak pilatzen direnean, berriz, horiek ere atal berezitu moduan lantzen ditu Euskararen Hemerotekak: Korrika, euskararen aurkako oldarraldia, Euskaltzaleon Martxa eta abar.

Hiru urte
Euskararen Hemeroteka ikusteko nahikoa da t.me/hemeroteka kanalera sartzea. Goizero jasotzeko, berriz, kanal horretara batu besterik ez da egin behar. Gaur egun Euskararen Hemerotekak 417 harpidedun ditu. Euskalgintzako hainbat eragilek, euskara teknikariek, irakasleek edota hainbat hedabidetako kazetariek erreferentziatzat dute Euskararen Hemeroteka, batean eta bestean zer egiten den jakiteko, dagozkien sareetan ekimen zehatzak ezagutarazteko, lanerako ideiak hartzeko edota ikasleekin lantzeko.

UEMAko langileek hedabideetan zein sarean euskararen inguruan argitaratzen diren albisteak eta iritziak lankideen artean zabaltzeko ohitura aspalditik dute. Hasiera batean posta elektroniko bidez partekatzen zituzten jasotzen zituzten lotura guztiak. E-posta utzi eta Telegram mezularitza aplikazioaren bidez lotura banatzeari ekin zioten 2023ko maiatzean. Aste batzuk pasata, urte hartan bertan zerbitzua mankomunitateko kide diren udaletako hautetsi eta euskara teknikariendako zabaldu zuten. Azkenik, kanala publiko bihurtu zuten 2023ko irailean.