Bi sute itzali behar izan zituzten Urbasan pasa zen astean

Guaixe

Marmol harrobi ondoko sutea. SUHILTZAILEAK

Ezohiko irudiak utzi zituen joan zen asteak: Urbasa sutan. Izan ere, mendian bi sute piztu ziren. Aurrenekoa, irailaren 12an, larunbatean, 17:58an izan zen. Maakansaleiko Zelaia parajean piztu zen sutea, Urdiaingo portutik zuzenean joanda 1,3 km hegoaldera eta Santa Marina ermitatik 1,4 km-ra. Garrek basobera eta zenbait zuhaitz erre zituzten. Suak gutxi gorabehera hektarea bateko hedadura kixkali zuen. Sutea itzaltzera helikopteroa, Altsasuko suhiltzaileen parkeko hiru ibilgailu joan ziren.

Irailaren 14an, astelehenean, atzera ere, beste sute bat piztu zen. Larrialdi zerbitzuak sutearen berri 16:43an jaso zuten. Garrek landaredia eta zuhaitzak erre zituzten Marmol Harrobia inguruan. Sua itzaltzera Altsasuko parkeko suhiltzaileak, helikoptero bat, Helikoptero eta Suteetan Esku Hartzeko Brigada bat, basozainak eta foruzainak joan ziren. Sutea kontrolpean geratu zen, eta ez da inor kaltetu. Bi kasuetan suhiltzaileek basozainen eta foruzainen laguntza izan zuten.

Maakansaleiko Zelaiaren mendebaldera dago Marmol Harrobia. Bi parajeen artean, zuzen joanda, 750 metro inguruko distantzia dago.