Astekaria

Despopulazioaren aurkako Foru Legearen Aurreproiektua aztertzen

Guaixe

Hautetsiak Irurtzungo kultur etxean egindako bilera batean. ARTXIBOA

Aurreproiektuan toki erakundeek egindako proposamenak zenbateraino jasotzen diren aztertu dute.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) toki erakundeek erronka demografikoaren inguruan zituzten beharrak, zailtasunak eta proposamenak zuzenean ezagutzeko parte hartze prozesua egin zuen joan zen urteko ilbeltzean eta otsailean. Toki erakundeetako ordezkariak Nafarroan barna egin ziren bileretara deitu zituzten. Jasotako ekarpenekin, 74 proposamen sektorial, zenbait printzipio gidari eta gogoeta transbertsalak jasotzen zituen dokumentu bat osatu zuen federazioak, eta hura Nafarroako Gobernuari eman zion.

Aurreproiektuaren edukiaren berri izan ondoren, NUKFk ezinbestekotzat jo du, atzera ere, toki erakundeekin parte hartze prozesua egitea. Zazpi bilera antolatu ditu Nafarroan barna eta horietan egiaztatu nahi dute etorkizuneko Legean zenbateraino txertatu diren 2025ean egindako proposamenak. Helburua izango da eskaerak banan-banan lege-testuan islaturik dauden ikustea. Horrekin batera, aztertuko dute txertaturiko eskaeren zehaztapen-maila eta bermeak nahikoak ote diren etorkizunean benetako jarduketetan islatu ahal izateko.

Asmoa da Aurreproiektuak dituen aurrerapausoak, zehaztapen handiagoa behar duten alderdiak eta egiteke dauden toki esparruko eskaerak identifikatzea, eta Legea izapidetzeko prozesuan garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpen berriak ere biltzea. Horiek dokumentu batean jaso eta Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari emanen diote. 

Bilera erronda horren barruan, Irurtzungo kultur etxeak inguruko toki erakundeetako bilera hartu zuen irailaren 17an, ostegunean.