Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi irakasle eta ikertzailek, Alba Amilburu Martinez eta Maider Perez de Villarreal Zufiaurre sakandarra, Del patio a la ciudad. Transformar los espacios en entornos inclusivos y de bienestar liburu kolektiboa koordinatu dute. Octaedro argitaletxeak argitaratu du. Lanak hainbat unibertsitatetako ikertzaileek eskoletako jolastokien, ikastetxeetako kanpoko guneen eta hiri-inguruneen eraldaketari buruz egindako azterlanak biltzen ditu. Liburuak aztergai du nola jolastokien diseinua eta antolaketa mesedegarriak izan daitezkeen hainbat alderdi hobetzeko, esate baterako, bizikidetza, inklusioa, hezkidetza, ongizatea, sormena eta ikaskuntza Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.
Jolastokia hezkuntza gune
Liburuaren koordinatzaileen arabera, eskoletako jolastokiak tradizioz bigarren mailan egon dira, eta "ez dira behar bezala baloratu beren hezkuntza potentzialagatik", nahiz eta eragina izan duten ikasleen jarduera fisikoan, sozializazioan, bizikidetzan eta garapen integralean.
Liburuak proposatzen du jolasaldia "etenaldi soila baino zerbait gehiago" dela. Alde horretatik, denbora tarte horretako jolasak, mugimenduak eta elkarreraginak pertsonen garapenari laguntzen diote. Hori dela eta, liburuak jolastokietan zer gertatzen den, ikasleak nola banatzen diren eta zer jarduera nagusi dauden ikusi beharra dagoela defendatzen du.
Ikertzaileek liburuan azpimarratu dutenez, "gunea ez dela neutrala", zeren haren diseinuak eta erabilerak harreman jakin batzuk bultzatu edo beste batzuk mugatu baititzakete. Zehazki, guneek "harreman eta botere ereduak transmititu eta genero desparekotasunak erreproduzitu" ditzakete. Ikuspegi horretatik, eskoletako jolastokien eraldaketa ez da esku hartze fisiko gisa bakarrik planteatzen, baita ikasle guztiei eskaintzen zaizkien parte hartzeko eta jolasteko aukerak berrikusteko modu gisa ere.
Liburuak azaltzen dituzten lan ildoen artean daude jolastoki inklusiboak eta hezkidetzakoak sortzea, "eskola-ingurunea naturalizatzea" eta jolastokia ikasgelaren jarraipentzat hartzea. Proposamen horien bidez, gunearen erabilerak dibertsifikatu nahi dira, "jolasteko, mugitzeko eta atseden hartzeko aukera ugari" eskainiko dituzten eta haietan daudenen banaketa orekatuagoa ahalbidetuko duten eremuen bidez.
Natura, sormena eta ongizatea
Argitalpenak naturarekiko harremanari eta haurren osasunarekin, ikaskuntzarekin eta sormenarekin duen harremanari ere erreparatu dio. Hezkuntzaren eta ongizatearen ikuspegitik berdeguneak, material naturalak eta gune irekiak sartzea aztertu dute, baita jolastokiaren antolaketan eta jardueren banaketan izan ditzakeen ondorioen ikuspegitik ere.
Liburuak aztergai du nola ingurune naturalek esperientzia sentsoriala eta ludikoa aberasten, ingurumen kontzientzia bulkatzen eta ikasteko aukera berriak zabaltzen lagundu dezakeen. Aldi berean, eraldaketa horien aukerak eta mugak aztertu ditu. Izan ere, jolastokietako esku hartzeek irisgarriak eta ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokituak izan behar dute.
Jolastokia erdigunean dagoen arren, liburuak hiriari hezkuntza gune gisa begiratzeko aukera zabaltzen du. Argitalpenak planteatzen du hiri ingurune jakin batzuk ikaskuntza esperientzietan sar daitezkeela, "ikasgelaren muga tradizionalak zabaltzeko". Ikuspegi horretatik, kaleek, plazek, parkeek, ibaiek edo hurbileko beste gune batzuek hezkuntza balioa izan dezakete, ikaskuntza eguneroko ingurunearekin lotuko duten proiektuetan integratzen badira. Ikuspegi horri esker hiria iragaitzazko leku bat izateaz aparte, baliabide pedagogiko eta komunitarioa da.
Sakandarraz
Perez de Villarreal sakandarra I-COMMUNITAS Institutuko ikertzailea zientzia esperimentalen didaktikan dago espezializatuta. Bere lana metodologia aktiboetan, eskola inguruneari aplikatutako herritarren zientzia proiektuetan, natura behatzeko tresna berritzaileen erabileran eta ikaskuntza esanguratsuan oinarritzen da. Etorkizuneko irakasleen prestakuntzan ere aritzen da. Zientzia dibulgazioa eta berrikuntza pedagogikoari buruzko argitalpenak egin ditu.