AEKk, momentuz, ikasturtea 23 talderekin hastea aurreikusten du

Guaixe

Euskara ikasleak euskaltegian. ARTXIBOA

Taldeak Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun daude, baina beste edozein herritan ere sor daitezke.

Sakanan bertan euskara dohain ikasteko aukera dago. AEKk aurrez aurreko klaseak ematen ditu. Sakanako AEKko arduradunek jakinarazi dutenez, ibarrean A1 eta C2 arteko maila guztietan ikasteko aukera izanen da heldu den ikasturtean. Gainera, momentuz, lau herritan emanen dituzte euskara klaseak. Irurtzunen sei talde daude oraingoz, A1 eta B2 maila arteko ikasleak goizetan edo arratsaldeetan ikasiko dute euskara. Lakuntzan, berriz, A1-A2 arteko taldea dago. Etxarri Aranatzen, B2 mailako taldea dago. Bi herri horietan momentuz sortu diren taldeen klaseak arratsaldez dira. Azkenik, Altsasun, Itsasi euskaltegian maila guztietako hamabost talde eratzea aurreikusi da, oraingoz. 

Euskara ikasi nahi dutenek, oraindik ere, izena emateko aukera dute. Gainera, beste herriren batean euskara ikasteko taldea sortu daiteke. Horretarako, gutxienez zazpi ikaslek eman behar dute izena. Eta euskara online ikasteko eskaintza ere badago. Gainera, euskara ikasten hasi behar dutenak, A1 eta A2 mailetan ariko direnak, matrikula dohainik izanen dute. Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntzei esker da hori posible. Gainerako mailetan ere euskara ikastea doakoa edo ia doakoa izanen da Sakanako Mankomunitatearen dirulaguntzei esker. 

Sakanako AEKn izena emateko epea irailaren 24an, ostegunean, bukatuko da. Ikasturtea, berriz, lastailaren 1ean hasiko da. AEKren eskaintzaren berri jaso nahi duenak 607 624 392 telefono zenbakira hots egin edo sakana@aek.eus e-posta helbidera idatz dezake. Euskaltegien eskaintzaren eta dirulaguntzen berri izan nahi duenak euskara2@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera idatzi edo 948 464 840 telefono zenbakira dei dezake. Elaide.eus webgunean ere informazio guztia dago.