Astekaria

Pilotu sakandarrek Lezaungo Igoera konkistatu zuten

Maider Betelu Ganboa

Garikoitz Flores eta Mikel Mazkiaran azkarrenak izan ziren Lezaunen. SAKANA MOTORSPORT. 

Irailaren 12an hemezortzi pilotu lehiatu ziren III. Lezaungo Igoeran eta Sakana Motorsporteko pilotuak izan ziren probako nagusi. Lezaun inoiz baino sakandarragoa izan zen. 

Monoplazen mailan Garikoitz Flores (Talex M3) izan zen txapelduna, bederatzigarren klasean lehena, eta scratchean edo sailkapen orokorrean denborarik onena egin zuena (2:37.566). Turismoetan Mikel Mazkiaranen Seat 600 JTR ezin hobe aritu zen, eta turismoetan lehena izateaz gain, lehen klasean lehena izan zen, eta scratchean bigarren, segundo batera (2:38.441). Alberto Villarrek (BMW M3 E36) lan ikusgarria egin zuen eta turismoetan bigarren, hirugarren klasean lehena eta scratchean hirugarren izan zen (2:41.881). 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Miguel Anton (BMW 3251) turismoetan laugarren sailkatu zen (2:47.095), eta Asier Solis (BMW E36 M57) hamaseigarren (3:19.338). Gainera, eta eskuderia gisa garrantzitsuena, Sakana Motorsport eskuderiak Open Series Fenauto Txapelketako lehen postua lortu zuen.

Urriaren 3an jokatuko den Urbasako Igoerarako prestakuntza ezin hobea egin zuten pilotu sakandarrek.