Futbola

Lagun Artearen berdinketa eta Altsasu B-ren lehen garaipena

Guaixe

Lagun Artea erregionala, berotzen. 

Erregional mailako bosgarren multzoan bi talde sakandarrek puntuatu egin zuten. 

Asteburuan erregional mailako bosgarren multzoko bigarren jardunaldia jokatu zen.

Lagun Arteak San Jorge B hartu zuen Zelai Berrin. Lakuntzarrek eta iruindarrek lehia oso estua izan zuten. Lehen zatira husnako berdinketarekin joan ziren, eta bigarren zatian gola egitera atera ziren biak. Saiatu ziren, baina ez zen modurik izan eta husnako berdinketarekin despeditu zen partida (0-0).

Altsasu B taldeak, aldiz, denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Iñaki Indart zelaian. Doneztebe eta Altsasu B-k lehia bizia izan zuten. Lehen zatia husnako berdinketarekin despeditu zen, eta bigarrenean iritsi ziren golak. 50. minutuan Josu Larreak Altsasu 0-1 aurreratu zuen, baina bana berdintzea lortu zuen Doneztebek. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean 89. minutuan Eneko Guajardok gola sartu eta 1-2, 3 puntu gozorekin itzuli ziren altsasuarrak.

Beti Kozkor B da liderra (6 puntu). Lagun Artea bosgarren da (4 puntu) eta Altsasu B bederatzigarren (3 puntu). Hirugarren jardunaldian Lagun Arteak zortzigarren den Rotxapea B du aurkari irailaren 27an, igandea, El Iratin (16:30). Altsasu B-k, aldiz, hamalaugarren den Baztan B hartuko du irailaren 27an, igandea, Dantzalekun (16:00).