Ergoienako Birak zenbaki borobila zuen aurten, 20. edizioa. Unanun jokatu zen, irailaren 19an, lanbro eta eguzki artean. Aurten aldaketa izan zen. Proba jokatzen lehenak nagusiak izan ziren (8,5 km). 30 korrikalari pasatxo 9:30ean puntuan abiatu ziren, lanbro artean. Baina korrikalariek Dorraora joan eta etorria egin bezain pronto, eguzkia atera zen. Unanutik maldan behera Lizarragarantz jo zuten irteera hartu zuten korrikalariek, eta Lizarraga eta Dorrao lotuta helmugara iritsi ziren.
Gogorra bezain ederra
Atharratze Rotak (Hiru Herri) eta iazko irabazle Asier Gutierrezek (Beste Iruña) lehia estua izan zuten, baina, azkenean, Ergoienan lehen aldiz aritu zen Atharratze izan zen irabazlea (31:35), Gutierrezi 2 segundo aterata. Hirugarren Sergio Luna izan zen (33:54), eta laugarren Adur Senar lakuntzarra (34:21), lehen sakandarra.
"Banekien lasterketa hau egiten zela, eta aurten animatu nintzen. Saria Unanuko mamoxarroen katola zela esan ziguten, eta semeek entzun zutenean, etortzea eskatu zidaten. Motibazio horrekin etorri ginen, eta Sakanan asteburu polita pasatzera ere bai" azaldu zuen jaiotzez Aurizberrikoa baina Burlatan bizi den Atharratze Rotak. Asier Gutierrezekin osatu zuen ia bide guztia. "Israel Arbizu taldekide etxarriarrak esan zidan lasterketa honek ez duela laua den metro bat ere. Asier Gutierrezen erritmo handian atera zen eta bere atzetik atera nintzen. Biak aurrean jarri ginen hasieratik. Atzean joan nintzen, gehiegi animatzen bazara gero aldapekin sufritzen duzulako. Km erdia falta zenean, erasoa jo eta irabazi dut. Herriko lasterketa herrikoi horietako bat da, askariarekin despeditzen dena, polita. Gogorra, paisaia zoragarria eta sari polita duena; oso pozik nago".
Adur Senar bospasei aldiz aritu da Ergoienako Biran. Aurten entrenamendu gisa hartu zuen proba, bere motibazioa Behobia-Donostia baita, proba ezaguna 1:15:00 denboran egitea. "Test bat bezala hartu dut, eta pozik nago, orain arteko denborarik onena egin dudalako Ergoienako Biran".
Atharratze Rota: "Semeek saria katola zela entzun zutenean, etortzea eskatu zidaten"
Ergoendarren animoak
Nesketan Saioa Olkoz izan zen azkarrena (39:17:00). Lehen aldiz aritu zen Ergoienan, eta ez zuen irabaztea espero. "Ez nituen gainontzeko korrikalariak ezagutzen eta nire helburu bakarra lasterketan gozatzea zen. Aldapa asko zeudela banekien, eta erritmoa kontrolatuz atera nintzen. Aurrean bakarrik gelditu nintzen, eta irabaztearekin, pozik. Lasterketa gogorra iruditu zait, baina polita. Herri guztietan jendeak asko animatzen zuen".
Bigarren Maalen Beraza irintarra iritsi zen (42:38), lehen sakandarra. Lehen aldiz aritu zen Ergoienan, "korrika egiteko asmoz, bestelako helbururik gabe. Gogorra da, sekulako aldapak daude, bereziki Lizarraga eta Dorrao tarte horretan, ufa... Baina proba gustatu zait. Ergoiena oso polita da, eta lasterketan izan ditugun ikuspegiak, ederrak. Etxe ondoan halako probak izatea eskertzen da, eta lortutakoarekin, oso pozik". Hirugarren iazko irabazle Maider Razkin izan zen (42:55).
Ergoienako Udaleko kideak eta Unanuko kontzejukoak gustura zeuden lasterketak izandako erantzunarekin. Hamaiketako ederra prestatu zieten korrikalariei txikienek kategoria txikiko lasterketetan aritzen ziren bitartean. 25 neska-mutiko pasatxok hartu zuten parte lasterketetan, eta Eneko Llama eta Amets Mozo gailendu ziren. Denek domina jaso zuten.