Nafarroako Bertso Eskolen ikasturtea hastear dago. Irailaren 25ean zen izena emateko azken eguna eta matrikulazioaren kanpainaren harira Saats Karasatorre Sakanako eskolen irakaslea GUAIXE IRRATIko Bertso plaza saioan izan zen, besteak beste, eskolei, irailaren 19an hasi zen eta bihar Altsasun izango den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari eta bertso munduari buruz hitz egiten.
Sakanan sei bertso eskola daude: Irurtzunen, Lakuntzan bi, Etxarri Aranatzen eta Altsasun bi
Sakanan sei bertso eskola izango dira aurten ere: Irurtzunen, Lakuntzan bi, Etxarri Aranatzen eta Altsasun beste bi. LH4 eta DBH1 urteetako gaztetxoek parte hartzen dute eskoletan, herriaren arabera. Altsasun, esaterako, "bi talde banatzeko saiakera egin da. Oso positiboa da hasiberriak direnak eta aurretik aritu direnak gela berdinean izatea, baina, aldi berean, lana zailtzen da". Hibrido bat egin dutela azaldu du Karasatorrek: "Ordu erdi egongo dira LHkoak bakarrik, ordu erdi denak elkarrekin eta beste ordu bat DBHkoak bakarrik, bat-batean klasekoak". "Polita izaten dela" eta bertsolari gazteek elkar ezagutzen dutela gaineratu du: "Batzuk besteengandik ikasten dut eta aldi berean bakoitzak bere mailako ariketak egiten ditu".
Eskola
"Izena emateak izaten ari dira eta orain arte aurreko urtetan ibilitako jendea da, pentsatu nahi dut talde gehienak mantenduko direla". "Arriskua" Lakuntzako bigarren taldean ikusten duela azaldu du irakasleak: "Zazpi eta seiko taldeak dira, potenteak. Uda izugarria da; ez dakit zer gertatzen den, ikasturtea super motibaturik bukatzen dute, ez dakit zer gertatzen den; ulertzen dut mila gauza dituztela, ikasketak gero eta gehiago zailtzen direla... Bizitzan lehentasunak jarri behar dira". Horretan ere, aukeratu behar izatea, ikasketa bat dela gaineratu du. "Adin bat egoten da, gehienbat neskatotan izaten da, atzera egiteko joera hartzen dutela. Egiten duten hori zalantzan gehiago jartzen zaie, izan daiteke gizonei ez zaigula hainbeste eskatzen eta errazago egiten dugu".
Irakasle bezala "pena" ematen dio, "batzuekin lau edo bost urtetan harreman polita egin dugulako", baina batzuetan fase bat itxi egiten da eta gero berriz hasi: "Ni hasi nintzen berriro, eskola utzi, eta gero berriz hasi naiz". Baina horretarako talde bat behar dela gaineratu du, "etortzeko talde bat ekarriko zaituena: Boli, Joseba, peto... Hori denak". Lehen Hezkuntzan eta DBHn "masa handi" batera ailegatzen saiatu behar dira: "Sakana mailan aurreko urtean 70 ikasle izan ziren, eta asko ziren,niretako primeran. Horrela deskolgatzen badira, aukera gehiago dago jarraitzeko".
Txapelketa
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa bezalako ekimenek bertso eskoletan eta gaztetxoetan "eragina" duela esan du Karasatorrek: "Oinarri pixka bat behar duzu eragina izateko, hau da, hezkuntzan arautuan bai baina etxetik ez baduzu ezer jaso, ez zaizu interesatuko. Hilabete asko dira, hedabideetan dago, eta ikusteko aukera dago. Giro horretan mugitzen da".
Bertsozale elkartean hasi zenean, gogoratu du, lehenengo urtean, Nafarroako Txapelketa zen eta "sekulako" eragina izan zuela: "Astelehenean klasera iristen nintzen eta puntuazioak bazekizkiten, saioa, zein ibili zen kantatzen... Interesa piztu zen". Lehiak interes gehiago pizten duela gaineratu du, "gero plazako saiotik pasatzen ikusten dituzu...". Baina txapelketak "erreminta" onak direla esan du. "Jarraipena egiten dugu saioz saio eta bertsolariak ezagutzen joaten gara". Lurraldetasun ikuspuntua zabaltzeko ere balio du.
Laguntza
Sakanako Mankomunitatea ondoan izatea eskertu du Karasatorrek, esaterako, Altsasuko Iortia kultur gunean egingo den EH Txapelketako saiorako sarrerak erosi ditu ikasleak gonbidatzeko: "Apustua egin du; sekulako babesa daukagu Mankomunitatetik". Egiten duen ekarpena ez dela hezkuntza arautura mugatzen gaineratu du bertsolariak: "Sakanako Bertso Eguna antolatzeko edo bertso saio bat antolatzen beti prest dago, hedapena egiten dute... Oso eskertzekoa da jarrera hori. Beste batzuetan borrokan ibiltzen ginen, eta lan karga hori dagoenean eskertzeko da laguntzea".