Gaztetxoen sormena sustatzeko erronka berriak ditu Arnasetik lehiaketak

Guaixe

Lehiaketa iragartzeko egindako bideoan agertzen diren bi gaztetxo. UTZITAKOA

10 eta 16 urte arteko gazteek bideosormen lanak aurkez ditzakete

Arnasgune deitzen diete euskara nagusi den eta herritarrek trabarik gabe euskaraz bizitzeko eta harremanak izateko aukera duten herriei. Arnasetik bideosormen lehiaketa aipatutako herri horietako haur eta gazteei zuzenduta dago. Sakanako kasuan, Arruazu, Lakuntza, Arbizu,  Etxarri Aranatz eta Bakaikukoei.

Lehiaketan parte hartzen duten gazteek sormena eta euskararen inguruko hausnarketa uztartu beharko dituzte bideo batean. Hau da, gaztetxoek beren herriko hizkuntza ohiturei erreparatu eta horien inguruko istorioak sortzeko aukera izan dute. Helburua da arnasguneek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmentzea

Mailak 
Lehiaketak adinaren araberako hiru maila ditu, eta parte-hartzaileek euskarari lotutako istorioak kontatzeko gehienez bi minutu dituzten bideo lanak aurkeztu beharko dituzte.

LH 5. eta 6. mailako ikasleek Dakienak, ba al daki? erronkari helduko diote. Horretarako, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa egin beharko dute. Bestetik, DBH 1. eta 2. mailakoek Ongi etorria erronkari erantzungo diote. Hau da, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsi beharko dute bideoan, musika eta mugimendua baliatuta. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailakoek, berriz, Eusle mode on landuko dute. Bideoan  sare sozialetako hizkuntza-erabilerari buruzko gogoeta egin beharko dute.

Berrikuntzak
Aurtengo edizioko berrikuntzetako bat da ikastetxeetan lehiaketako gaiak lantzeko material berriak prestatu direla. Alde batetik, ASMAZANK plataforman Arnasetiken hiru kategorietako gaien inguruko galdera-sortak prestatu dira. Bestetik, ikastetxeek bideogintzari buruzko webinar batean parte hartzeko aukera izango dute, adituen eskutik bideoak sortzeko pausoak eta metodologiak lantzeko. Saioa irailaren 29an egingo da.

Lehiaketak "ezagutza berriak, kontzientzia hartzea eta une dibertigarriak uztartzen" dituela esan dute antolatzaileek.

Izen-ematea 
Aurtengo lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago. Lanak lastailaren 30era arte aurkez daitezke arnasagara.eus webgunean.

Lehiaketak aurreko urteetako sari-egitura mantenduko du. Hiru mailetako irabazleek 500 euroko bonua jasoko dute, eta, horretaz aparte, publikoaren saria ere banatuko da, 500 euroko balioarekin. Bono-sariak hainbat kultura-produktu eta bizipenetan erabili ahal izango dira, besteak beste, ikas-bidaian, IrisarriLand parkean, Durangoko Azokan eta EITBko Go!azen eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean.

Lehiaketaren sari banaketa Lekeition egingo da azaroaren 26an. Bertan kategoria bakoitzeko lan irabazleak proiektatuko dira eta sariak banatuko dira. Ekitaldiarekin, bosgarren urteurrena ospatzeaz gain, gazteen sormena eta euskararekiko konpromisoa aitortuko dira, eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmenduko da.

Lehiaketa Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk sustatzen dute. Haren helburua da euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea, gazteei beren herrietako hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko aukera ematea eta ikus-entzunezkoen bidez euskararen presentzia eta bizi-indarra erakustea.