Pentsiodunen mugimenduaren mobilizazioak bueltan dira

Alfredo Alvaro Igoa

Pentsiodunak astelehen eguerdian. Hurrengo hitzordua Zumalakarregi plazan da. 

Asmo berrituekin ekin diote kontzentrazioei. Pentsio duinak eskatzearekin batera, mendekotasunaren arretarako zerbitzuak hobetu eta osasun sistema publikoa defendatuko dute.

Sakanako pentsiodunen mugimendua aldarrikapen kontzentrazioak egiten hasi zen astelehenean, irailak 21. Mugimenduko ordezkariek azaldu dutenez, "prezioen igoeragatik, soldatek eta pentsioek erosteko ahalmena galdu dute, eta pentsiodunok erosteko ahalmen txikiago dugu orain ilbeltzean baino". Gaztigatu dutenez, "gero eta pentsiodun gehiagok ezin dute hilaren akaberara iritsi, eta ezinbestekoa da gutxieneko pentsioa berehala parekatzea lanbide arteko gutxieneko soldatarekin". Eskaera hori egin diote Espainiako Gobernuari. 

Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen (AIReF) azken txostenak berretsi zuen pentsioen sistema bermatzeko ez zela beharrezkoa doikuntza neurri berriak hartzea. "Baina, aldi berean, Gizarte Segurantzaren Legea aldatzea proposatu zuen, pentsioen murrizketa berriei ate gehiago irekitzeko. Guretako AIReFek gobernuari egindako gomendioa onartezina da. Pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak murrizteari uko egiten diogu". 

Hitzorduak 
Adineko pertsonen nazioarteko eguna da lastailaren bata. Hori dela eta Sakanako pentsiodunen mugimenduak manifestazioa eginen du lastailaren 5ean. Udaletxe paretik Aita Barandiaran adinduen egoitzaraino joanen dira. Bestetik, estatuko herri eta erkidegoetako gainerako plataformekin batera, Madrilen manifestazioa eginen da lastailaren 24an. Mobilizazio horretan gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldata garbiaren %100arekin parekatzea eskatuko dute. Horrekin batera, besteak beste, eskatuko dute pentsioen eros ahalmena berreskuratzea, genero arrakala bukatzea, Gizarte Segurantzako kontuen auditoria egitea eta 40 urte edo gehiago kotizatuta dituztenek erretiro aurreraturako koefiziente murriztaileak indargabetzea.