Bost enpresa sakandar Hanburgoko WindEnergy azokan

Guaixe

Enpresetako eta gobernuko kideak Hanburgoko azokan. UTZITAKOA

Beste zazpi enpresa nafarrekin batera Nafarroako Gobernuak sustatutako stand bera partekatzen ari dira.

Sektore eolikoko munduko azokarik garrantzitsuenetako bat da Hanburgoko WindEnergy, asteartetik ostiralera egin da, irailaren 22tik 25era. Ehun herrialdetako 43.000 profesional baino gehiago biltzen ditu ekitaldiak, eta energia eolikoaren esparruan negozio, lankidetza eta ezagutza aukerak sortzeko nazioarteko topagune nagusietako bat da. Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, stand bat jarri du han eta bertan sektore horretako hamabi enpresa nafar daude. Haien artean Sakanako bost enpresa daude: SAPREM Electronica, Industrias Laneko, Industrial Barranquesa, Industrias Barga eta Talleres Lantegui.

Mikel Irujo Amezaga kontseilariak Nafarroako Gobernuaren babesa adierazi nahi izan dio Foru Komunitatearentzat estrategikoa den sektore bati, eta parte hartzen duten enpresendako kontaktu eta harreman komertzial berriak bulkatu nahi izan ditu. "Une erabakigarri baten aurrean gaude, sektorearendako erronkaz betetako unea, eta Txinatik datorkigun lehiaren presio gero eta handiagoaren aurrean", esan du.

Irujok gaineratu duenez, "beraz, araudia (Industrial Azeleragailua Act) funtsezkoa da gure industriaren bilakaerarako. Horregatik, Enerclusterrekin batera, Made in Europe zigilu hori duen lobby lan hori egiten ari gara, hori baita gure industriak bere garapenerako eta etorkizunerako behar duena".

Sektore eolikoa Nafarroan
Hanburgoko WindEnergy azokak balio eolikoko kate osoko enpresak biltzen ditu, fabrikatzaile eta hornitzaile espezializatuetatik hasi eta zerbitzu, ingeniaritza, teknologia eta berrikuntza enpresetaraino. Stand bateratu baten bultzadari esker, Nafarroako Nazioarteko Planak aukera ematen die enpresei sektoreko nazioarteko topaketa nagusietako batean taldeka parte hartzeko, kanpoko merkatuetarako sarbidea, joerak eta aukerak erraztuz, eta merkataritza-kontaktuak sortuz.

Ekintza hori Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko industria espezializazioaren eremu nagusietako bat den sektore baten alde egindako apustuaren barruan kokatzen da. Nafarroak energia berdearen industriari lotutako ehun enpresa baino gehiago ditu, eta 4.500 milioi euro eta 6.400 lanpostu inguruko fakturazio bateratua sortzen dute, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.