Irailaren 27an San Mateotako final handia jokatu zen leporaino beteta zegoen Adarraga frontoian. Finala hasi baino lehen, minutu bateko isilunea gorde zen Asperen buru ohia zen Fernando Bidarteren alde. Bidartek 26 urte egin zituen Aspeko administratzaile bakarraren karguan, eta iazko urrian Baineti saldu zizkion bere akzioak, “osasun arazoek eta ilusio faltak” bultzatuta.
Ezkurdiak hiru San Mateo torneo zituen bere bitrinetan eta laugarrena lortu nahi zuen Martijarekin batera, baina bi sakandarrek ezin izan zuten bere nagusi ohia zena garaipenarekin despeditu. Hasieratik Jakak eta Mariezkurrenak hartu zuten partidaren agintea, Berriozarko atzelariaren erauntsiari esker, bereziki. Martija zazpitik aurrera egin ezinik aritu zen, eta Ezkurdia Mariezkurrenak bilatutako guneetara ezin iritsi. Gauzak horrela, Jakak bere jokoa egiteko espazio irekiak aurkitu zituen. Horrela, 19-4ra joan ziren urdinak. Sakandarrek zaila zuten, baina saiatu ziren eta tantotxo batzuk egin zituzten. Nolanahi ere, urdinen eguna izan zen eta, azkenean, partida kontrolatuz 22-11 gailendu ziren eta udako azken torneoa irabazi.
Urzante desafioa, Asperendako
San Mateotako pilota ferian irailaren 26an Urzante olioa desafioa jokatu zuten Aspeko eta Baikoko pilotariek. 900 Urzante olio botila zeuden jokoan. Lau eta erdian Dario 18-9 gailendu zitzaion Artolari, errioxarrak goitik behera kontrolatutako partidan, eta binakakoan Zabalak eta Zabaletak 22-20 hartu zituzten mendean Laso eta Iztueta partida zoragarrian. Buruz Burukoan Muruari 3-18 gailendu zitzaion Amiano. 2-1, 900 olio botilak Aspek eramango ditu.

Mastersaren finalak jokoan
San Mateotako trofeoa erabakita, CaixaBank Masterseko finalen txanda dator orain. Urriaren 2an, ostirala, finalerdiak daude jokoan Nafarroa Arenan (21:00). Material aukeraketa irailaren 29an, asteartea, egingo da (12:00). Lehen finalerdian Artola-Rezustak Elordi-Mariezkurrena izango dituzte aurkari, eta bigarrenean, Ezkurdia-Albisuk Zabala-Iztueta.
Bi finalistek urriaren 3an final handia jokatuko dute, Nafarroa Arenan (17:15).