Preferente mailako hirugarren jardunaldian Altsasuk Ziraukiren kontra jokatu zuen Ziraukiko Antxekoan. Partida hasi eta berehala, 5 minututara, Zirauki aurreratu zen, eta partidari buelta ematen saiatu zen Altsasu. Lehen zatiko luzapenean lortu zuten, Unai Calvok sartutako golari esker (1-1). Bigarren zatian berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina ezin, eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.
Etxarri Aranatzek Amigo taldea hartu zuen San Donato zelaian. Oinatz Carreñok 26. minutuan sartutako golari esker 1-0 aurreratu zen Etxarri, zaletuen pozerako. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, eta 67. minutuan Amigok sartutako golak San Donato estutu zuen. Bi taldeak garaipena lortzen saiatu ziren baina banakako berdinketarekin despeditu zen partida (1-1).
Ardoi B da preferente mailako liderra (9 puntu). Altsasu hirugarren da (7 puntu) eta Etxarri Aranatz hamargarren (3 puntu). Laugarren jardunaldian Altsasuk San Andres hartuko du urriaren 4an (17:30). Etxarri Aranatzek berriro etxean jokatuko du. Urriaren 3an Infanzones taldea hartuko du (16:30).