Astekaria

Inmatrikulazioen gaia, oholtzan

Erkuden Ruiz Barroso

'Inmatriculaciones. Oh my God!' antzezlanaren une bat. IORTIA

Amico konpainiak 'Inmatriculaciones. Oh my God!' antzezlana sortu du Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformaren lana ikustarazteko eta elizak egindako inmatrikulazioen berri emateko eta salatzeko. Urriaren 10ean, larunbata, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen dira. 

"Argi geneukan gure umorea egin nahi genuela; gaia ez zen erraza, baina pozik geratu gara"

Elizaren inmatrikulazioen gaia modu umoretsuan kontatzen du Amico antzerki konpainiak Inmatriculaciones. Oh my God! antzezlanean, Jon Barbarin Ihabarren bizi den konpainiako kideak eta antzerkigileak azaldu duen bezala: "Argi geneukan gure umorea egin nahi genuela; ez zen erraza gaia ez delako erraza, baina azkenean pozik geratu dira lortutakoarekin". Gaiaren inguruko informazioa ematen da, modu "ludiko" batean. Urriaren 10ean, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean, antzezlanaren emanaldia izanen da. Gaia ezagutzeko eta ongi pasatzeko aukera ematen duela esan du Barbarinek. Txori Garcia Uriz eta Barbarin bera dira antzezleak, Mercedes Castaño da zuzendaria, eszenografia Raul Arraizarena da eta amaitzean agertzen den abestiaren zuzenketak Jorge Cordon Iortx irurtzundarrak egin ditu. 

Bi aingeru dira Inmatriculaciones. Oh my God! antzezlanaren protagonistak: "Bat irakaslea da eta bestea ikasten ari den umea. Zeruan daude, eta lurrean gertatzen dena ikusten dute. Kasu honetan, elizak egindakoak ikusten ari dira". Hortaz, apezpikuak, apaizak eta abar ere aterako dira. "Momentu serioak ere baditu, baina bere xarma badauka, ternura; momentu hunkigarriak ere baditu". Toki bakoitzean daudela, tokian tokiko inmatrikulazioak kontatzen saiatzen dira: "Antzerkian badira momentu batzuk non aipatzen dugun herri horretan dauden inmatrikulazioak, puntualki bada ere". 


'Inmatriculaciones. Oh muy God!' ikuskizunaren une bat. IORTIA

Nafarroa osotik baita kanpoan ere antzezlanaren emanaldi asko egin dituzte; esaterako, Almagron Europa Laica elkartearen 25. urteurrenean egon ziren, baita Madrileko Rivas-Vaciamadrid Madrilgo herrian ere, "bertan kristauak direnak baino elizaren estamentuen kontra daudenak ere egon ziren". Izan ere, Barbarinek azaldu duenez, "oso garbi utzi nahi genuen ez dela sinismenen kontra, elizaren estamentuaren kontra da". Emaitza oso ona izan dela esan du antzerkigileak: "Nafarroan egindako emanaldietan bete da; Gayarren 500 bat pertsona, Nafarroako Antzerki Eskolan ere bete genuen, Iturramako Civivoxean bitan bete dugu...". Oso pozik daude. 

"Guri lagun baten bitartez Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformaren berri iristen zaigu". Plataforma 2007an sortu zen, elizak Nafarroan egindako inmatrikulazioak berreskuratzeko. "Plataforma guregana etorri zen antzerkiren bidez gaia nolabait ikustaraztea nahi zutela eskatuz". Izan ere, plataformak hitzaldiak eta hainbat ekitaldi egiten zituen, "baina ikusten zuten ez zutela oihartzun handirik, eta antzerkia horretarako tresna ona izan zitekeela uste zuten". Barbarinek aitortu duenez, ez zuten gaia asko ezagutzen, baina sekulako "potajea" zegoela ikus zuten. "Elizak zer egin duen inolako lotsarik gabe. Bai Frankorekin bai Aznarrekin erregistratu zezaketen nahi zuten guztia". Hortaz, elizaren izenean ermitak, baselizak, apaizen etxeak, frontoiak... "Gauza pila bat daude". 

Ikuskizuna sortzeko, beraz, plataformakoekin harremanetan jarri ziren. Beste estatuetan gertatzen den galdetu zuten ere, "Portugal izan daiteke antzekoa, diktadura jaso zuten eta abar, eta han elizak eta hori guztia estatuarenak dira. Elizak erabiltzen ditu, baina estatuarenak dira". Hemen, ez. "Iruñeko Katedrala artzapezpikuarena da, baina konpontzeko, La Caixak %65 jarri zuen, Udalak %30 inguru eta %11 artzapezpikuak. Eta sartzeko 5 euro ordaindu behar dira". Nafarroako Gobernuak elizak inmatrikulatutako ondare guztien zerrenda osatu zuen, herriz herri. 

Enkargua
Amicok egin duen lehenengo enkarguzko lana izan da. Konpainiaren hasiera, aldiz, enkargu batetik sortu zela azaldu du Barbarinek: "Iruñean Harresiaren jaialdia egiten zen, dantza bertikala egiten zen, eta niri hiru pieza txiki egiteko eskatu zidaten eta Txorirekin egin nuen". Hirugarren pieza asko gustatu zitzaiela eta luzatzea erabaki zuten. "Ordu bateko ikuskizuna egin genuen". Sortu berri zuten konpainiari Bubamara Dance Theatre deitu zioten, "ingelesez kanpokoak ginela eta agian gehiago deituko zigutela uste genuen". Sortutako lana Amico deitzen zen. "Eta jendeak Amico eta Amico deitzen zigun". Amico deitzea erabaki zuten.