Jakina da Nafarroaz aparte, Gipuzkoako hainbat tokitan Aralarko santutegirako, San Migelekiko, zaletasun handia dagoela. Tolosaldean, Goierrin baita Donostian ere. Urtean zehar eta San Migel egunez gipuzkoar asko izaten dira Aralarren. Eskatu izan dute Aralarko aingeruaren irudia hara joatea. Eta aurten, estreinakoz, Donostian egonen da, lastailaren 10ean, larunbatarekin.
Urte asko egin gabe egon ondoren, "Ostiral Santuan prozesio ederra prestatu zuten Donostian. Eta aingeruaren irudia Donostiara eramatea posible ote zen galdetu ziguten. Baietz esan genien", Alfonso Garziandia Goñik, Aralarko santutegiko kaperauak. Argitu duenez, "San Migelekiko zaletasun handia dute Gipuzkoan. Hori joan zen urtean nabaritu genuen, santutegiko ate berria gurdiz ekarri genuenean. Herrietan zer maitasuna, zer zaletasuna, zer poza zegoen ikusi genuen. Adin guztietakoek zer harrera egiten zioten San Migeli. Zenbat sentimendu adierazi zizkiguten". Garziandiak azaldu duenez, "Donostiako bisita sentimendu horri erantzuteko da. Gipuzkoa guztian barna ezin gara ibili, eta Donostiara joanda Gipuzkoa osora zabaltzeko modua da. Gipuzkoako parrokia guztietara zabaldu dute egitarauaren berri".
Egitaraua
Aralarko aingeruaren irudiaren eta haren inguruko tradizioari buruzko informazio panelak daude jarrita Donostiako Artzain Onaren katedralean irailean. Katedralaren ondoan dagoen Diozesi Museoan Aralarko erretaulari buruzko hitzaldia emanen du Lourdes Sanjose Llongueras ikerlari kataluniarrak lastailaren 8an, 20:00etan. Mont Saint Michelgo erretore Pierre Doatek aingeruei eta haien esanahiari buruzko hitzaldia emanen du katedralean lastailaren 9an, ostiralean, 20:00etan. Santutegiko ate berriaren inguruan egindako dokumentala Acuariumean ikusteko aukera izanen da lastailaren 11n, igandean, 18:30ean.
Lastailaren 10ean, larunbatean, 11:00etan, Bilbao plazatik katedralera prozesioan joanen dira, txistulariak lagun. 11:50ean, katedralaren aurrean lau haizetara bedeinkapena eginen dute. 12:00etan meza izanen da, ondoren irudia gurtzeko emanen dute. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako kideak joatekoak dira. Eta bakarren batek Donostiara lastailaren 10ean joan nahi badu, bere herriko parrokian jakinarazi beharko du. Autobusa antolatzen ari baitira Sakanatik Donostiara joateko.
Garziandiak jakinarazi duenez, "Aralarko aingeruaren irudia ez da Donostiara urtero joanen. Beraiek esaten dute noizbehinka joateko, urtero joanez gero indarra galduko bailuke. Bidea irekita gelditu da, gerora ikusi beharko da nola egin".
Aralarko aingeruaren irudia Arakilgo Egunean. ARTXIBOA
Irudi ibiltaria
Aralarko aingeruaren irudia herriz herri ibiltzen da. Martxoan Arruazu eta Lakuntza bisitatuz hasten du Nafarroako geografian barnako bere ibilbidea. Irudiaren "irteera ofiziala" Aste Santuan, Pazko Igandean egiten du, Baraibarko bidea hartzen duenean. Bitartean hainbat herri bisitatu baditu ere, urtero bisitatzen dituen 320 herrietatik gehienak Aste Santuaren ondoren izaten dira. "Eta, gainera, urtero herri, ikastetxe edo adinduen egoitzaren bat hartzen dugu. Gure ibilbidea urtero bat edo bi hitzordu gehiagorekin handitzen ari gara", azaldu du GarziandiakAralarko aingeruaren irudia Nafarroako Mendialdeko herriak bisitatzeaz aparte, Iruñea eta Lizarraldeko herri batzuetatik pasatzen da. Hori bai, irudia Aralarko santutegian izaten da maiatzaren 8an, San Migelen agerkundea, eta irailaren 29an, San Migel eguna.
Herrietan "beti oso harrera ona" egiten dietela azaldu du kaperauak. Irudia aspalditik bisitatzen duten herrietan anaien etxeak izenekoak daude. "Garai batean mando gainean joan behar zuten eta gaua nonbaiten pasa behar zuten. Horregatik, herri batzuetan etxe bat bilatzen zuten mandoa, apaiza eta laguntzailearendako. Etxe horiei anai etxeak deitzen zieten", argitu du Garziandiak. Orain autoz mugitzen dira, eta ez dute gaua herrietan ematen. "Hala ere, herri batera iristean eta anai etxea badago, hura bisitatzen dugu. Beti eskatzen da. Batzuetan gosaldu egiten dugu, besteetan bazkaria ematen digute. Etxekoak adintsuak badira, herriko jatetxera joaten gara. Guztietan etxeko hildakoen alde otoitz egiten dugu". Gartziandia ez da 320 herrietara joaten aingeruaren irudiarekin. Eskualdeko apaizen ardura izaten da irudia herri batetik bestera eramatea.
Aralarko aingeruaren irudiak bisitatzen dituen herri eta tokiak Nafarroan daude. Salbuespena Igaratza da, Aralar mendiaren Gipuzkoako aldean dagoena. Borda ondoan dagoen ermitan meza egiten da, ondoren erromeria. 1947az geroztik hara joaten da agorrileko bigarren igandean. Santutegitik Igaratzara oinez joaten dira. Igaratzakoaz aparte, Gipuzkoarako bisiten aurrekariak ere izan dira. XVII. mendean ere irudia Gipuzkoak ibili zela azaldu du kaperauak. "Duela urte asko Ataun aldean ere bisitan ibili zen", gaineratu du.