Hamaika hizkuntza aktibistek Guaixe ezagutu dute

Guaixe

Hizkuntz aktibistak Guaixeri buruzko azalpenak entzuten. 

Bulegoan eta irratian Sakanako euskarazko komunikazio egitasmoaren berri jaso zuten. 

Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, 11 hizkuntza-aktibista Euskal Herrian sei asteko egonaldia egiten ari dira. Aditu formazioaren xede nagusia da parte hartzaileei oinarri sendoa ematea hizkuntza biziberritzearen arloan, eta aldi berean, euskararen esperientzia inspirazio iturri gisa eskaintzea. Izan ere, munduan oso gutxi dira hizkuntza gutxitu baten transmisioan gainbehera eten eta berpiztea lortu duten prozesuak. Euskara da horietako bat: gizartearen konpromiso kolektiboari esker, azken 50-60 urteetan joera negatiboa irauli eta hizkuntzaren transmisioari bide berria irekitzea lortu du.

Programako parte hartzaileak dira kitxua bat (Ekuador), amazig bat (Rif), guarani bat (Paraguai), mixe bat (Mexiko), Yukatango maia bat (Mexiko), bi maputxe (bata Txiletik eta bestea Argentinatik), ketxua bat (Bolivia), bubi bat (Ekuatore Ginea), kaqchikel bat (Guatemala) eta nasa bat (Kolonbia). Euskararen biziberritzeari buruzko saio teorikoekin batera, praktikak, sentsibilizazio saioak, proiektuak lantzea eta hainbat erakundeei bisitak eginen dituzte. 

Eta tokiko euskarazko hedabideen nondik norakoa ezagutzeko Guaixe bisitatu zuten atzo, lastailak 1. Lehenik Altsasuko bulegoan eta Etxarri Aranazko irrati estudioan egon ziren ondoren. Batean eta bestean Guaixeren ibilbidearen eta lan egiteko moduaren berri jaso zuten. Galderak eginez zalantzak argitu eta informazio berria jaso zuten. Irratian Garabideko kide batek aditu programaren nondik norakoak eman zituen eta bi hizkuntza aktibistak haien hizkuntzaren berri eman zuten. Bisitan zehar Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Larraza Carrera presente egon zen.

Irratian sartu aurretik Etxarri Aranazko Udalak harrera egin zien. Labur, euskarak Nafarroan duen egoera azaldu zieten. Ondoren hizkuntza aktibista guztiei herriko armarria duen ttattarra oparitu zien udalak.