AHT ibilbide proiektua

Parlamentuak AHTren Ezkioko lotura aztertzeko eskatu du

Guaixe

PPko Javier Garcia Jimenez parlamentaria zutik. Bere taldeak aurkeztu zuen mozioa. PARLAMENTUA

Hirugarren bide hori Etxarri Aranatzen hasi beharrean Bakaikun abiatuko litzateke.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrak azkartzeko, Espainiako Gobernuari ebatzi edo onartu gabe dauden administrazio espedienteak onetsi eta inbertsioak handitzea eskatzeko mozioa aurkeztu zuen PPk Nafarroako Parlamentuan. Eskaera horrekin bat egin duten UPNk, PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak. PSN eta Geroa Bair abstenitu egin ziren eta EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeek kontrako botoa eman zuten. Onetsitako ebazpenak Gobernu zentrala premiatzen du “AHTaren Aragoiko eta Nafarroako tarteak eraikitzeko prozesua azkartu dezan, inbertsioa areagotu dezan eta tarte horiek garatzeko egutegia presta dezan, trena Iruñera heldu arte”.

Atzoko, lastailaren 1eko, bilkuran onartutakoaren arabera, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko loturaren azterketan sar dezan Nafarroako Gobernuak planteatutako hirugarren alternatiba, zeinak Gasteizerako trazaduraren zati bat aprobetxatu eta Ezkiotik lotzen baitu. Behin betiko erabakia hartu aurretik, aukera hori gainerako aukerekin publikoki eta arrazoituta konparatzeko eskatzen du, bidaia-denborei, bidaiari eta salgaientzako edukierari, guztizko kostuari, bideragarritasun geotekniko eta hidrogeologikoari eta ingurumen-inpaktuari dagokienez”.

Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak Espainiako eta Nafarroako gobernuak premiatu ditu “Zaragoza-Castejón-Iruña-Euskal Y-arekiko konexioa korridorerako urte anitzeko programazio-dokumentu bat sina dezaten, berariazko finantzaketa-konpromisoekin eta egutegi egiaztagarri batekin. Dokumentu horrek proiektuak onesteko, lizitatzeko, betetzeko eta zerbitzuan jartzeko epeak identifikatuko ditu tartez tarte, eta Nafarroako Parlamentura bidaliko da aldian-aldian, betetzen dela egiaztatzeko jarraipena egin dezan”. Azkeneko bi puntu horiek UPNren, Geroa Bairen, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabearen aldeko botoekin eta PSNren, EH Bilduren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin onartu ziren.