Pilota

Lau eta Erdiaren bila

Guaixe

Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena Bizkaia frontoian egin zuten. Bertan jokatuko da A Serieko final handia, azaroaren 22an. ASPEPELOTA.EUS

A Seriean Joseba Ezkurdia zerrendaburua da eta final laurdenetan sartuko da lehian. B Seriean Joanes Bakaikoa final zortzirenetan hasiko da, urriaren 9an.

Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurkeztu zuen, atzo, 2026ko Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa. Pilota Pro Ligak  lehenengo aldiz antolatuko du txapelketa, eta nahiz eta hasieran zenbait aldaketa garrantzitsu egitearen aldekoa bazen, pilotariekin izandako desadostasunak eta beste direla medio, azkenean txapelketak azken urteetako egitura eta lehiaketa sistema izango du. A eta B mailetan edo Serietan jokatuko da, eta urriaren 9an Durangon hasi eta azaroaren 22an despedituko da, Bizkaia Frontoian jokatuko den finalean. Serie bakoitzean hamabi pilotari lehiatuko dira. 

Ezkurdia, final laurdenetan zain
A Seriean Joseba Ezkurdia izango da ordezkari sakandar bakarra. Aurrelari arbizuarra zerrendaburuetako bat da, eta final laurdenetan sartuko da lehian. Aspetik Peio Etxeberria, Javier Zabala, Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Dario Gomez eta Aitor Elordi ariko dira, aurreko txapelketan aritu ziren pilotari berberak. Baikokoak, Unai Laso, Erik Jaka, Iñaki Artola, Iker Larrazabal, Jon Ander Peña eta Beñat Senar dira. Bi berritasun dituzte: Laso eta Senar ariko dira Iraitz Zubizarretaren eta Joanes Bakaikoaren ordez. Senarrek iaz B Serieko lau eta erdiko txapela irabazi zuenez, lehen aldiz ariko da maila nagusikoan. 

Asteburu honetan final zortzirenak daude jokoan. A multzoan urriaren 9an, ostirala, Elordik eta Larrazabalek jokatuko dute Durangon, eta urriaren 11n, Lekunberrik Darioren eta Senarren arteko norgehiagoka hartuko du. Bi irabazleek Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia dituzte zain final laurdenetako ligaxkan. Eta B multzoan, urriaren 10ean Jakak eta Lasok Labriten jokatuko dute, eta urriaren 12an Artolak eta Peña II.ak Tolosako Astelehenan. Garaileek Zabala eta Altuna III.a dituzte zain final laurdenetako ligaxkan. Final laurdenetako ligaxkan hiru jardunaldi jokatuko dira, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak finalerdietarako sailkatuko dira. Finalerdiak Donostian eta Gasteizen jokatuko dute. Final handia azaroaren 22an erabakiko da, Bilbon. 

B Seriean, Bakaikoa lehian
B Serieko txapelketa urriaren 9an hasiko da Atarrabian. Baikotik Agirre, Amiano, Bakaikoa, Eskiroz, Zubizarreta III.a eta Zubizarreta IV.a ariko dira, eta Aspetik Alberdi II.a, Apezetxea II.a, Egiguren V.a, Murua, Rekalde eta Salaberria. Finala azaroaren 14an jokatuko dute, Irunen. 

Joanes Bakaikoa asteburu honetan bertan sartuko da lehian, final zortzirenetan. Alberdi II.a izango du aurkari urriaren 9an Atarrabian jokatuko den kanporaketan. Irabazlea final laurdenetako ligaxkarako sailkatuko da. Bakaikoa kaiolan espezialista handia da, eta dena emango du Lau eta Erdiko B Seriean aurrera egiteko.