Futbola

Lagun Artea eta Altsasu B erori egin ziren

Maider Betelu Ganboa

Lagun Artea. 

Erregional mailako laugarren jardunaldian talde sakandarrek ez zuten punturik bildu. Asteburuan ez dago jardunaldirik.

Erregional mailako bosgarren multzoan laugarren jardunaldia jokatu zen. Lagun Arteak Gazte Berriak taldea hartu zuen Zelai Berrin. Nor baino nor aritu ziren bi taldeak, 31. minutuan Gazte Berriak-ek gola sartu arte. Buelta emateko asmoz segitu zuten lakuntzarrek, baina atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuten Antsoaingo jokalariek eta 0-2 jarri ziren aurretik. Bigarren zatian lakuntzarrak saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen eta 0-2 galdu zuten etxean. 

Altsasu B taldeak Berriozar izan zuen aurkari Iruñerrian. 19. minuturako Berriozar aurreratu zen. Altsasuk ez zuen behera egin eta berdintzen saiatu zen, baina 58. minutuan Berriozarren bigarrena iritsi zen eta 2-0 kontra, partida aldapa gora jarri zitzaion Altsasu B-ri. Markagailua ez zen gehiago mugitu eta punturik gabe itzuli zen Altsasu B. 

Erregional mailako bosgarren multzoko liderra Alde Zaharreko Kluba da (9 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (7 puntu) eta Altsasu B hamabigarren (3 puntu). Asteburuan ez dago jardunaldirik, kopa baitago jokoan. Bosgarren jardunaldian Lagun Arteak sailkapenean hamahirugarren den Beti Onak B taldea du aurkari, Atarrabian, eta Altsasu B taldeak bederatzigarren den Arga Ibaia hartuko du Dantzalekun.