Agurne eta Garbiñe

"Aurreratu dugun heinean hutsuneak agerian gelditu dira"

Alfredo Alvaro Igoa

Agurne Gaubeka Erauskin eta Garbiñe Petriati Ijurra.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurten 25 urte bete ditu. Agurne Gaubeka Erauskin zuzendaria da 2019ko garilaz geroztik. Hari lekukoa pasa zion Garbiñe Petriati Ijurrak, zuzendari karguan 2010 eta 2019 artean egondakoa eta orain erakundeko teknikaria denak. 

Erakundearen ibilbidearen jarduna nabarmentzeko urteurren ekitaldia egin zuten Iruñean irailaren 29an. 

Hizkuntzek eskubideak dituzte?
Agurne. Ez, hizkuntzek ez dute eskubiderik. Pertsonok ditugu eskubideak. Gizakiok indibidualki eta kolektiboki ditugun oinarrizko giza eskubideak dira hizkuntza eskubideak. Nork bere hizkuntzan bizitzeko eskubidea da. Hau da, euskara gizarteko espazio eta eremu guztietan erabiltzeko eskubidea izatea. Esaterako, euskaraz eta euskara ikasteko eskubidea, euskaraz kontsumitzeko eskubidea, euskaraz lan egiteko eskubidea... Ez da bakarrik eremu publikoan euskara exijitzea. 

Garbiñe. Giza eskubideen barruan hizkuntza eskubideak daude. Nor bere hizkuntzan bizitzeko eta aurrera egiteko kolektibitate batek daukan oinarrizko eskubidea dira hizkuntza eskubideak. Hori indibidualki gauzatzen da. Norbanakoa edonora joanda, bere bizitzaren arlo guztietan, berea den hizkuntza horretan bizitzeko oinarrizko eskubidea da. 

Jendeak badaki hizkuntza eskubideak dituela?
A. Jendea pixka bat nahasten da. Jende batzuk pentsatzen dute hizkuntza eskubideak legearen arabera dituela. Esaterako, Nafarroako eremu euskaldunean eskubideak ditugula pentsa dezakegu. Baina Iruñera joaten garenean ez dugula eskubiderik. Bereizketa bat egin behar da. Hizkuntza eskubideak gureak dira. Baditugu, eta borrokatu behar ditugu. 

G. Behatokiak 25 urte hauetan egin duen ekarpen nagusienetako bat da hizkuntza eskubideen gaineko kontzientzia hori piztea, garatzea eta mahai gainean jartzea. Agurnek esandakoa, jendeak eskubidea legearekin lotzen du. Gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea badugu. Beste gauza bat da eskubide hori aitortuta daukagun edo ez lurralde guztietan. Hemen euskaraz bizitzea ziurtatuta beharko genuke. 

Eta jendeak eskubide horien kontzientzia du?
G. Baietz uste dut. Urte hauetan guztietan kontzientzia hori garatzen joan da. Kontzientzia hartzen den unetik pertsona edo hiztun bat aktibo bilakatzen da: "hau badagokit eta joaten naizen lekura eskatu egingo dut. Eta ziurtatu dezaten ahaleginduko naiz". Baina hiztun komunitate osoak ez ditu bere eginda eskubide horiek. Baina azken 25 urte hauetan kontzeptu horretan aurreratu da. 

"Gure lege arkitektura oso ahula dela. Ez du ziurtatzen guk pauso hori behar den moduan ematea"

Jendeak badaki Hizkuntza Eskubideen Behatokia dagoela?
A. Gurera jo duten herritarrak asko izan dira. Eta urtero erabiltzaile berriak ditugu. Sare sozialen bidez zer garen, zer tresna ditugun, zer zerbitzu eskaintzen dugun azaltzen dugu. Baina egia da batzuetan jendea ez dela ongi kokatzen: "hauek zer egiten dute? Erakunde publikoa da? Elkarte bat da?" Egia da Euskal Herriko puntu askotan jendeak ez gaituela ezagutzen. Agian euskara erabiltzerakoan gertaera edo bizipen bat izan du eta nonbait salatu nahi du, baina ez daki nora jo.  

G. Askok uste dute erakunde ofizial bat garela, administrazioaren menpekoa. Ez da hala (Euskalgintzaren Kontseiluak sustatutako ekimena da). Askok zalantzarekin hots egiten dute: "ez dakit zuei dagokizuen, baina hau gertatu zait". Oraindik lana egiteko badago. Hala ere, Behatokiak erreferentzialtasun maila altu bat lortu du hizkuntz komunitatean. 

A. Euskal Herri osoko irakurketak egiten dituen erakunde bat gara, eremu publiko eta pribatukoak.

G. Egoitza nagusia Iruñean dago. Bestea Baionan. Hori ez da kasualitatea. Eta bietatik hizkuntz komunitate osoarendako egiten dugu lan. 

Zein da Behatokiaren zeregina?
A. Gure zerbitzu nagusia Euskararen Telefonoa da. Haren bidez herritarrek kexak eta lege betebeharrik ez duten entitateendako zoriontzeak helarazten dizkigute. Eta beste askotan kontsultak egiten dizkigute. Zalantza pila izaten dira, esaterako, araudiaren inguruan. Edo gertaera bat izan eta nora jo aholkatzea eskatuz. Hor Garbiñe egoten da. Urtero txosten bat argitaratzen dugu. Euskal Herriko argazkia, hizkuntza eskubideek izan dituzten gorabehera guztiak eta Euskararen Telefonoan jaso ditugunak daude txosten horretan. Horretarako beharrezkoa da herritarrak Euskararen Telefonora jotzea. Baina gure eginbeharren artean badago ere kontzientziatze lana egitea, hitzaldiak ematea, prestakuntza saioak eta hizkuntza eskubideak duten garrantzia azpimarratzeko hainbat jardunalditan parte hartzen dugu. Gainera, araudiak sortzen direnean administrazioan, edo eremu pribatuan, guk ekarpenak egiten ditugu, hizkuntza eskubideak araudi horietan guztietan txerta daitezen. Harremanak ditugu hainbat eragilerekin, norbanakoekin eta erakundeekin.  

G. Lege aitortza duen eta ez duen eremuetan gertatzen dira hizkuntza eskubideen urraketak. Jendeak askotan ez daki nora jo. Euskal hiztunoi kexatzeko gertaerak bata bestearen atzetik gertatzen zaizkigu. Munduaren kontra egitea eta kexaka bizitzea zaila da. Baina askotan deitzen du jendeak esanez "hau ez dakit zenbatetan gertatu zait eta, oraingoan, bai, salaketa eginen dut". Edo gertaeragatik amorruz hots egiten dute. Telefonoz kontatzea eta beste aldean egoera ulertuko duen norbait opatze bera, jendeak eskertu egiten du. Husteko bidea ematen dio. Ondoren dagokion lekura bideratuko dugu intzidentzia berriro halakorik pasa ez dadin. 

"Herritarrek euskaraz bizitzeko determinazio hori izanik ere, berme tresna gutxi ditugu, araudi ahula dugu"

Nola jarri daiteke Behatokiarekin harremanetan?
G. Intzidentziak Behatokira helarazteko bide nagusia behatokia.eus webgunea da. Euskararen Telefonoa atala du. Han erregistratu beharra dago. Oinarrizko datuak eskatzen dira: erabiltzaile izena eta pasahitza. Horren bidez helaraz ditzakezu gertaerak. Bide horrek intzidentziari modu automatikoan jarraipena egiteko aukera ematen du. Intzidentzia bakoitzari dosier zenbakia ematen diogu, gure datu basean sartzen dugu, eta erantzuna jaso duenean han sartzen dugu eta automatikoki erabiltzaileak jasotzen du. Bestela 948 146 172 telefono zenbakira hots egiteko edo telefonoa@behatokia.eus e-posta helbidera idazteko aukera ere. Kexa anonimorik ez dugu onartzen. Baina intzidentzia guztiak bideratzeko garaian, Behatokiak ez du erreklamazioa jarri duen pertsonaren daturik ematen, Behatokiaren izenean egiten du. Bitartekaritza lana egiten dugu. 

25 urtetan jasotako hizkuntza eskubideen urraketetan aldaketarik egon da?
G. Historikoki bi eremu nabarmendu dira: osasun asistentzia jasotzerako orduan ematen den arreta eta segurtasun kidegoekin izandako gertaerak. Hori mantendu egiten da denboran zehar. Neurri batean ulertzekoa da. Ez da berdin ikusi duzun erdara hutsezko kartela salatzea edo kontsulta batean sartzen zarenean eta profesionalarekin euskaraz sortzen den konfiantza eta konplizitatea ez izateak, horrek herritarrarengan bestelako arrangura sortzen du. Eta gauza bera segurtasun kidegoetako agenteekin. Euskaraz egiteagatik aurrean duzun agenteak ulertzen du intsumisio jarrera bat hartzen ari zarela. Eta ez da hori. Zuk zure hizkuntzan artatua izan nahi duzu. Hor tentsioak eta egoera oso deserosoak sortzen dira. Bestetik, kontsumo harremanetan azalera handiko merkataritza gunei exijentzia maila altuagoa eskatzen die herritarrak. Baliabide gehiago dituzte eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan betebehar batzuk dituzte. Azken urteetan ikusten ari gara merkataritza gune txikitan, taberna eta dendetan, hiri eta herri handitan eta turismoaren edo kanpotik etorri den jendearen eraginez, erantzun txarrak jasotzen direla.

A. Atzerriko hizkuntzak txertatzea gure egunerokoan euskara baztertzeko... Gizarteak aurrera egin duen heinean bide eta baliabide telematikoei eta sare sozialen erabilerari eta webgune bidezko erosketari buruzko kexak ere badaude. Administrazio publikoek ere bide telematikoak jarri dituzte. Horietan guztietan euskara erabiltzeko zer zailtasun dauden! Mugikorretako aplikazioek edo gailu berriek euskara erabiltzeko aukera beranduago ematen dute, edo askotan ez dugu aukerarik. Errepikatzen direnak dira justiziaren eremukoak, edo notaritzara joaterakoan, zer zailtasun dauden prozedura guztiak euskaraz egin ahal izateko.  

"Ezagutzera ematen ez dena, ez da existitzen. Horregatik bakarrik merezi du kexatzeak"

Sakandarrek kexatzeko joera dute?
G. Badira erabiltzaileak, baina ez gehiegi. 

A. Nabaritzen dut hemengo administrazioetara jotzeko orduan euskaraz egiten dela. Baina Iruñera tramiteren bat egitera joaten denean, jendeak zuzenean gaztelania erabiltzen du. Jendeari eskatzen ari gara lobby ariketa bat egiteko. Erabiltzaile batzuk baditugu, baina Sakanatik askoz ere gehiago egin daiteke. 

25 urtetan aurrerabiderik izan da?
A. Hizkuntza paisaian bai. Administrazio batzuk webgune eta bestelakoetan aurrerapausoak eman dituzte. Baina Nafarroan kontua oso mantso doa. Mundua beste erritmo batera doa. Egunero baliabide berriak sortzen dira. Eta gu atzean geratzen ari gara. Esaterako, webgunera sartu, euskara aukeratu eta informazioa gaztelaniaz dago. Arreta, herritarrek edo udalek egin ditzaketen tramite telematikoak, hainbat ezin dira euskaraz egin. Legeak aitortzen duenean. Eta gobernuak aukera ematen duela esaten du.

G. Aurreratu dugu. Administrazioaren sistemaren barruan sartu da bi hizkuntzatan aritzearena. Beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez. Nafarroa eta Iparralderen egoera beste bat da. Eta aurreratu dugun heinean dauden hutsuneak agerian gelditu dira. Administrazio batzuetan hizkuntza planak egin dira eta oinarri bat jarri da. Plana ez da helburua, tresna da. Plan horien ebaluazioan ikusten da planok hutsuneak dauzkatela, plana ez dela bete. Aurrera egiteko bestelako neurriak hartu behar dira. 

A. Batez ere bermeari begira. Neurri batzuk hartu dira, proposamenak mahai gainean jarri dira, baina gero hori martxan jartzeko eta bermatzeko beste neurri batzuk ez dira hartzen. Tartean, esaterako, langileei euskara eskatzearen kontua dago. Badirudi inork ez duela eskua sartu nahi. Nafarroan euskara baloratzen da eremu batzuetan, merezimendua da. Baina inork ez du eskua sartu nahi betebehar batzuk ezartzeko. 

G. Pausoak eman diren neurrian, lan deialdietan euskara jakitea eskatzen da, edo, gutxienez, merezimendu gisa kontuan hartzea. Hori aurrerapausoa da. Baina bakarren batek epaitegietara eraman eta epaitegitik segada heldu da. Aurreratu da, "euskara jakitea eskatuko dugu". Baina gero ikusi da gure lege arkitektura oso ahula dela. Ez du ziurtatzen guk pauso hori behar den moduan ematea.  

"Aurrerapauso batzuk eman dira, baina errealitatea da euskaraz bizi garenok gutxiagotuak eta zapalduak garela"

Mantso eta aztapoka aurrera egin bada, arloren batean atzera egin da?
G. Nafarroan administraziotik kanpo ez dugu bestelako eskubiderik aitortuta. Euskal Autonomia Erkidegoan bai. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Legea egin zen 2003an. Hura garatzeko dekretua egin zen. 2024an beste lege bat egin zen eta aurrekoak baino helduleku eta berme gutxiago eskaintzen dizkio erabiltzaileari.  

A. Nafarroan Euskararen Dekretua zegoen. Epaitegietara eraman zuten, atzerapausoa eman zen eta merezimenduaren dekretuarekin eskubide gutxiago ditugu aitortuta. 

Zein dira 25 urteotatik ateratako ondorioak?
A. Erabaki ausartagoak falta dira. Askotan karga herritarrarengan uzten da, ez dugula euskara erabiltzen... Baina herritarrek euskaraz bizitzeko determinazio hori izanik ere, berme tresna gutxi ditugu, araudi ahula dugu, ofizialtasuna falta dugu Iparraldean...

G. Behatokiaren lana herritarren ahaleginean oinarritzen da. Euskararen Telefonoan 25 urte hauetan jaso diren milaka intzidentzia eta gertaera horiek herritarrak bidalitakoak dira. Horien aurrean herritarrak jarrera proaktiboa hartu du, gurera jo du. Ahalegin horrek ez du beti berehalako emaitza ematen. Baina zerbitzu horretan kontuan har dezaten ahalegin bat egiten ari zara. Beste batzuetan kexa egiteak berehalako ondorioa dakar. Bizipen horietan guztietan oinarrituta egiten du Behatokiak argazkia. Mahaigainean jartzen duen argazki hori baliagarria da, errealitatean bizi dugun egoera agerian jartzeko. Urteotako ekarpen nagusietako bat da bizi dugun egoera agerian jartzea da. Ezagutzera ematen ez dena, ez da existitzen. Horregatik bakarrik merezi du kexatzeak.  

Geroz, Behatokiak ezinbesteko izaten jarraitzen du?
A. Argi eta garbi. 25 urte hauetan, nolabait, herritarrei, batzuetan, mezu positiboegiak ez ote zaizkien eman ere. Edo horretan ez ote garen zentratu. Izugarrizko lorpenak izan ditugu Nafarroan, esaterako, euskararen irakaskuntza zabaltzen joatean. Baina gero zer gertatzen da ezin badugu espazio publikoan egunerokoan erabili eta horretarako neurriak ezartzen ez badira? Ondorioa da Behatokiaren lana beharrezkoa dela ere errealitatea ikustarazteko. Oso ongi, aurrerapauso batzuk eman dira, baina errealitatea da euskaraz bizi garenok gutxiagotuak eta zapalduak garela. Nafarroan oraindik ezin gara euskaraz bizi. Horrek herritarrei halako etsipen sentsazioa sortzen die. Baina gure lana ere bada etsipen horri buelta ematea eta elkarrengandik babesa jasotzea ere. 

"Herritarrak jakin behar du Behatokiak bere egoera aldatzeko bere esku dagoen guztia eginen duela"

Zer baldintzatan desagertuko litzateke Behatokia?
G. Hizkuntza komunitate osoak euskaraz bizitzea bermatuta daukanean. Joaten zaren lekura joanda euskaraz aritzeko aukera ziurtatuta dagoenean, kitto. Ahalik eta lasterren desagertzeko bokazioarekin jaio zen. Baina ikusitakoak ikusita, badirudi etorkizunean lana izanen duela.  

A. Noiz desagertu? Gaztelaniaz bizi denak duen normalizazio hori euskaraz bizi denak duen egunean desagertuko da. 

Behatokiaren hurrengo pausoak zein dira?
A. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala berritzeko prozesuan gaude gaur egun. 1995eko dokumentu bat da. Munduko beste hizkuntza komunitateekin sinatutako dokumentua da. Berritzeko prozesuari hasiera Bartzelonan eginen den ekitaldi batean emanen zaio. Guk gure ekarpenak eginen ditugu. Guretako oinarri horiek jartzea garrantzitsua izanen da, hurrengo urteetako lan lerroak zehazta ditzakeelako. Bestetik, herritarrak kontzientziatzen jarraitu beharko dugu. Presio edo lobby lan hori egiten ere aritu beharko dugu espazio publikoan eta hizkuntza eskubideak aitortuak izan ez diren enpresa pribatuetan. Inguruko enpresa eta elkarteetan bestelako eskubideak garatzen joan diren heinean, hizkuntza eskubideekiko egiteko asko dute, erantzukizun soziala baitute. Eta ematen duten zerbitzuagatik eta herritarren aitortzagatik. Jakina, Euskararen Telefonoarekin jarraitu beharko dugu. Eta urtero egiten dugun argazki horiek egiten ere. 

G. Euskaraz bizi nahi duen horren bidelagun izan behar dugu. Behatokiaren zeregin garrantzitsua da. Herritarrak jakin behar du Behatokiak bere egoera aldatzeko bere esku dagoen guztia eginen duela. Eta horrekin batera, garaipen txikiak agerian jarri behar ditu Behatokiak. Sentitu behar du egin duen horrek balio duela. Askotan bakarrik eta inpotentziaz bizi ditugun egoera horiek partekatuz indarra hartzen dugu, motiboak bilatzen ditugu. Eta adorea aurkitzen dugu. Herritarrari hori eskaintzea ere garrantzitsua da. 

"Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsal berritua Nazio Batuen Erakundera eramanen da"

Aipatu duzun adierazpen horrek zer ekar liezaguke?
A. Berritze prozesuan hizkuntza txikiok dugun papera jomugan jarri da. Baina, batez ere, etorkizunean izan genezakeen papera. Oso kezkatuta gaude gerra testuinguruetan hizkuntza eta kultura minorizatuekin gertatzen ari denarekin. Teknologia berrien inguruan dokumentu horrek zer esaten duen ikusi beharko dugu, zer adostasun zehazten diren mundu mailan. Bakoitzak bere txikitasunetik askotan egiteko gutxi dugu. Horrelako foroak munduan gauden milaka hiztun komunitateak bildu eta multinazionalei presio egiteko eta bestelako lorpenak izateko baliagarria da. Esaterako, Europar Batasunean araudiak ezartzen zaizkienean multinazional, telekomunikazio enpresa handiei, zinemari edo kontsumitzen ditugun bestelako gaiei, hor ere gure hizkuntzak kontuan izan daitezela. 

G. Adierazpena hizkuntza gutxituen hiztunak zituzten 90 luze eragilek egin zuten. Hiztunek zituzten eskubideen bilduma egin zuten. Unescora eraman eta agiriari izaera ofizial eta legala ematea zen helburua. Unescok ez zuen onartu. Adierazpena tresna garrantzitsua da baina ez du lege baliorik. Baina balioa du. Behatokiak dokumentu hori oinarri hartuta abiatu zuen bere lana. Etorkizunean ere badu funtsa eta helduleku bat.  

A. Nazio Batuen Erakundera eramanen da adierazpen berritua. Helburu nagusia da lege edo arau izaera izatea. Dagoeneko Unescorekin hasi dira harremanak. Guretako erreferentziazko agiria da. Baina askotan Europako zuzentarauek hizkuntza eskubideak barne hartzeko Nazio Batuen Erakundean pauso hori ematea behar dugu. 

Bitartean, erakusketa ibiltari bat duzue, ezta?
A. Bai. Urteurrena ospakizun hutsa izatea ez genuen nahi. Gure helburua ere bada 25 urte hauetan egindako herritarrei lana erakustea. Nahi duenak eska dezake erakusketatxo hori bere herri edo elkartean jartzeko. Kontzientziazioaz aparte, aldaketak sortzeko. Herritarrek ikus dezatela 25 urte hauetan gauza batzuk ez direla aldatu. Agian bestelako hizkuntza politika eta bestelako parametro batzuetatik eragin behar diogu. Gaztetxoenei gaia gerturatzeko modu bat izan daiteke. Herrietan erakusketa jartzea eta ikastetxeetakoak bisitan joatea. Gaia lantzea. Bestetik, erakunde publikoei eta alderdi politikoei zuzenduta, hemen bestelako hizkuntza politika bat egin behar da. 

G. Euskara elkarte, udal, kultur elkarteek... eska dezakete erakusketa. Argitaratutako agiri batzuk daude. Jendeak ikusiko du 2024ko agiri bat eta pentsa dezake: "kontxo, gauza bera gertatu zitzaidan niri atzo!"

A. Euskararen Telefonoak nola funtzionatzen duen erakusten du. Agian ni jarritako kexa batetik aldaketatxo bat egitea lortu da. Batzuetan aldaketa handiak ere badira.