Zurrumurruak letretan urtzeko deialdia egin du Anitzarteanek

Guaixe

Aurreko edizio bateko sari banaketa ekitaldia. ARTXIBOA

Aniztasuna ospatu eta arrazakeriarik gabeko elkarbizitza sustatzen duten istorioak onartuko dira

Jatorri anitzeko pertsonen inguruko zurrumurru eta estereotipo ezkorrek elkarbizitzari modu ezkorrean eragiten diote. Horiei aurre egiteko beharrezkoak dira kulturartekotasuna eta kohesio soziala, bazterkeriaren kontrako jarduna eta arrazakeria eta xenofobiaren kontra jarduna duten pertsona eta entitateak. Horiek islatzen dituzten narrazio laburren bila dabil Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua. Izan ere, VII. Zurrumurruen kontrako ipuin laburren lehiaketa antolatu du.

Beraz, aurkezten diren literatur lanek Anitzarteanen Zurrumurruen jasari, baloreak aterki leloaren esanahia islatu beharko dute: aniztasunean elkarbizitzaren alde egin; bestearekiko zurrumurru eta aurreiritziez libre izan; eta aniztasunak, tratu eta aukera berdintasunak eta bestearekin bizitzeak dakarzkigun onurak kontatu beharko dituzte idazleek.

Epea zabalik
Sakandarrek lehiaketara euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako narrazio laburrak aurkez ditzakete. Hizkuntza bakoitzean bina maila daude, 16 urte artekoena eta 16 urtetik gorakoena. Maila bakoitzean hiruna sari banatuko dira. Idatziek, gehienez ere, lau orrialdeetako luzera izanen dute. Arial tipografiaren 12ko tamainarekin idatzi beharko dira, espazio bikoitzean. Jakina, lanak originalak, berriak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute.

Lastailaren 14ra arteko epea du bere kontakizun laburra anitzartean@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidatzeko. Idazlana PDF formatuan bidali behar da. Artxiboaren izena Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren VII. Lehiaketa eta izengoiti bat izanen da. Beste PDF batean parte hartzailearen datuak idatzi behar dira: izen-abizenak, jatorria, helbidea, posta kodea, telefona, identifikazio zenbakia, eta posta helbidea. PDF horren izenean Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren V. Lehiaketa, izengoitia, ipuinaren izenburua, hizkuntza eta adin tartea aipatu beharko dira. Zalantzak 648 070 710 telefono zenbakian argitu daitezke.