Goierrin enpresa erreleboa nola landu duten ezagutu dute

Guaixe

Goierri, Gipuzkoa, Nafarroa eta Sakanako ordezkariek parte hartu zuten topaketan. SGA

Goierrin enpresa erreleboaren inguruan egindako ibilbidea ezagutzea, eta Gipuzkoan erronka horri modu koordinatuan heltzeko garapen agentzien eta erakunde publikoen artean lantzen ari diren elkarlan esparrua ezagutzea. Horregatik topaketa egin zuten Goierri, Gipuzkoa, Nafarroa eta Sakanako ordezkariek. Batzuen eta besteen iritziz, "enpresen jarraipena eta belaunaldi erreleboa industria ehunaren sendotasunarekin zuzenean lotutako gaiak dira, bereziki enpresa txiki eta ertainen presentzia handia duten lurraldeetan". Horregatik, "Sakanako industriaren biziberritze planak enpresa erreleboa lehentasunezko lan-eremuetako bat bezala jaso du", azaldu du Mank-eko buru Aitor Larraza Carrerak.

Gaineratu duenez, "Sakanako Garapen Agentzia eta Industria Departamentua Gipuzkoan garatutako ikaskuntzak eta metodologiak Sakanako errealitatera nola egokitu eta probatu aztertzen ari gara". Larrazak esan duenez, "helburua da enpresa erreleboari modu prebentibo eta koordinatuan heltzeko aukerak lantzea, Sakanako industria ehunaren jarraipena eta lurraldeko jarduera ekonomikoa indartzeko".