Arakil Rebels udan hainbatetan entzun den izena da. Ekainean eman zuten lehenengo kontzertuan, Lakuntzan, eta ordutik hainbat herritako eszenatokietan izan dira. Euken Goñi Andueza, Julen Ruiz de Erentxun Ganboa eta Aitzol San Sebastian Arraiza lakuntzarrek, eta Unax Gainzarain Berastegi arbizuarrak eta Julen Zelaia Leitza bakaikuarrak osatzen dute taldea. Hurrengo urteko udan kontzertu gehiago ematea espero dute; tartean zuzenekoak hobetzeko entseatzen jarraituko dute eta abesti propioak sortzen hasi dira ere.
"Taldea sortzearen ideia parranda batean izan zen, Lakuntzan. Unax eta biok talde bat egiteko ideiaz hitz egiten egon ginen, baina txantxa moduan, eta joan ginen jende gehiagorekin hitz egiten", azaldu du Ruiz de Erentxunek taldearen sorreraz galdetuta. "Euken eta Aitzolekin hitz egin genuen, eta baiezkoa eman zuten". Zelaiak osatu zuen boskotea. "Horrela hasi zen taldea".
Lagunak
Hiru lakuntzarrak koadrilakoak dira, eta San Sebastian eta Zelaia "betidanik" klasera elkarrekin joan dira; Gainzarain Arbizukoa denez "asko mugitzen gara berarekin". Ruiz de Erentxun izan ezik, beste lauak musika eskolan bateria ikasten aritu dira, eta, beraz, taldea sortzeko gitarra eta baxua jotzen "bakarrik" ikasi dute. "Aitzol bateriarekin hoberena denez, berak bateria jotzen du eta besteok beste instrumentuak ikasi ditugu". Ruiz de Erentxun abeslaria da, Goñi eta Gainzarain gitarra joleak eta Zelaia baxu jolea.
Lakuntzako Matadero lokalean entseatzen dute; herriko beste taldeekin moldatzen dira egunak zehazteko. "Normalean asteburuetan entseatzen dugu, kontzerturik ez dugunean, eta asteartetan". Kontzertuen data gerturatzen denean gehiago entseatzen saiatzen dira.
Matadero
Lehenengo entsegua otsailaren bukaeran egin zuten, eta aste santuko oporren inguruan Lakuntzako lokaleko taldeekin kontzertuak egitearen ideia sortu zen: "Ekainaren 12an izan zen, eta hori izan zen gure lehenengo kontzertua", azaldu du San Sebastianek. Gehiago entseatzen hasi ziren. Ordutik, hamaika izan dira egin dituzten kontzertuak. Ruiz de Erentxun: "Ez genuen espero hainbeste kontzertu izatea". Ahoz ahokoaren bidez mugitu dira, "kontzerturen batean, eszenatokitik jaitsi, norbait hurbildu eta beste nonbait jo nahiko genukeen esaten ziguten". Urriaren 9an, Arbizun kontzertua ezman zuten, Arbizuko Gazte Asanbladak Txistor egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan.
Arakil Rebels izenak ere Lakuntzako entseatzeko lokalarekin zerikusia du; Ruiz de Erentxun: "Mataderoa Arakil ibaiaren ertzean dago, eta horregatik". Jendeari nondik datorren "harrapatzea" kostatzen zaiola azaldu du Goñik.
Musika
Punk Oi, Street Punk eta Hardcore "pixka bat" jotzen du Arakil Rebels taldeak, "gustatzen zaigun musika". Momentuz beste taldeen abestien bertsioak egiten dituzte; besteak beste, Nafarroa 1512, Non Servium eta Sembrando Kaos, "eta horrelako taldeak". Abesti bat gustatzen zaienean, taldean proposatzen dute eta besteak ados badaude, hori prestatzen dute.
"Orain hasi gara, duela gutxi, gure abestiak sortzen. Etorkizunerako ideia batzuk ditugu, eta ea nola ateratzen den", azaldu du Ruiz de Erentxunek. "Hasieran doinu bat sortzen dugu eta, beste alde batetik, letra". Bakoitzak letra bat egiten duela azaldu dute, eta ondoren doinura moldatzen dute. Abestiak "ezerezetik" sortzen dituztela ere aipatu du Goñik: "Agian entseatzen gaude eta norbaitek zerbait jotzen du eta gustatzen zaigu".
Etorkizuna
Bostak ikasleak dira. Lakuntzarrak bigarren batxilergoa ikasten ari dira, Altsasu institutuan, eta arbizuarra eta bakaikuarra Lanbide Heziketa gradu bat egiten ari dira. Hortaz, etorkizuneko plangintzaren barruan ikasketak daude eta ikasturtean zehar elkartzeko denbora gutxi dutela aipatu dute taldekideek: "Ideia da udan kontzertuak ematea eta orain gure abestietan gehiago zentratzea. Ez ditugunez kontzertuak izango, entseguetako denbora sortzeko aprobetxatu". Taldeak etorkizuna badu.