Babestutako Gizarte Enpleguaren baitako programa da Iturraskarri, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kudeatzen duena. Aurten hogeigarren urteurrena du programa horrek. Haren bidez lan mundurako prestatzen dituzte gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonak. Haien egitekoa da eskualdeko kultur ondarea, berreskuratzea, mantentzea eta balioa ematea. 54 herritan aritzen dira Iturraskarrikoak lanean: Larraun, Lekunberri, Itza, Imotz, Betelu eta Sakanan Arakil eta Arruazu artean. Aurten programaren baitan sei langile eta begirale bat ari dira lanean. Ohi bezala, sei hilabetez, maiatzetik azarora.
Iturraskarriko langileak eta begiraleak Irañetako elizaren ondoko lorategiari eusten dion paretan egon ziren lanean iraila erdialdean, hilerrirako bidean dago paretan hain zuen ere. Landarez eta sasiz beteta zegoen pareta. Iturraskarri programako kideek aurrena landaretza guztia kendu zuten. Eta, ondoren, harrien artean hutsuneak gelditu ziren eta horietan morteroa jarri zuten, tapatu eta landareak berriro ez hazteko. Harresiaren mendebaldeko aldean zati bat erorita dagoela agerian utzi zuten langileek. Langileek beraiek aldamenean dagoen Bentako erreka ertzean zeuden sasiak eta larrak kendu zituzten.

Etxeberriko lezearen ondoan garbiketa lanak egiten. UTZITAKOA
Fazeroan eta Egiarretan
Iturraskarri programako langileak, gainera, beste bi lan egin dituzte Arakil ibarrean. Alde batetik, Etxeberriko Kontzejuak eta Irurtzungo Udalak Aralar mendian lursail baten jabetza partekatzen dute, fazeroa. Basoaren erdian dagoen larrea, sarobea, aritu ziren lanean. Sarobe hori seinaleztatu eta balizatu egin dute. Bestetik, lan bera egin dute Egiarretako Kontzejuak duen sarobean ere.