Areto futbola

Altsasuk irabaziz eta Xotak eta Aralar Mendik galduz hasi da denboraldia

Guaixe

Xotak eta Cintruenigok lehia oso estua izan zuten. XOTA

Hirugarren mailako areto futbol txapelketako lehen jardunaldiak hiru puntu utzi ditu Sakanan. Bigarren jardunaldiak derbia dakar.

Hirugarren mailako areto futboleko lehen jardunaldia asteburuan jokatu zen. 

Altsasuk Antsoainen jokatu zuen Gazte Berriak taldearen kontra. Partida bizia izan zen, eta bi taldeak paretsu hasi ziren. Gazte Berriakek mustu zuen markagailua, baina Denis Javier Ordoñezek bana berdindu zuen. Atzera ere Gaztekoak aurreratu ziren, 2-1, baina Altsasuk ederki erantzun eta Aritz Sevillak, Jonathan Medinak eta Asier Martinek 2-4 jarri zuten Altsasu aurretik. Gaztekoak 3-4 gerturatzea lortu zuten baina Altsasuk aginte makila hartu, eta zuzenean 3-7ra joan zen Asier Salgadok (2) eta Aritz Sevillak borobildutako jokaldiei esker. Azkenean, 3-7, primeran hasi da liga Altsasurendako. 

Xotak eta Garbayo Chivite Cintruenigo taldek lehia oso estua izan zuten Irurtzungo Atakondoan. Xota 2-0 aurretik jarri zen Hugo Redradok ate propioan eta Javier Larreak sartutako golei esker, baina bina berdintzea lortu zuten Erriberakoek. Julen Fernandezek 3-2 aurreratu zuen Xota, baina Cintruenigok ederki erantzun zuen eta hiru gol sartuta, 3-5 jarri zen aurretik. Xotak ekinean jarraitu zuen eta Martin Romanok ate propioan sartutako golari esker 4-5 gerturatu ziren irurtzundarrak, baina ez zen gehiagorako astirik egon eta 4-5 puntuak Cintruenigora joan ziren. 

Aralar Mendik Zizurren jokatu zuen Ardoiren kontra. Zizurkoek kontrolatu zuten partida eta lehen minututik hasita gol sapa ikaragarria jaso zuen Aralar Mendik. Azkenean, 8-0 galduta itzuli ziren uhartearrak eta lehenbailehen gertatutakoa ahaztu eta bigarren jardunaldian murgiltzea da euren nahia. 

Derbia, Uharte Arakilen
Hirugarren mailako bigarren derbiak derbia dakar. Aralar Mendik Xota hartuko du azaroaren 9an, ostirala, 19:00etan.  Altsasuk Berriozarko Mendialdea taldea hartuko du Zelandi kiroldegian urriaren 10ean, 20:00etan.