Gernika-Palestina herri ekimenak deituta, Genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean kontzentrazioak egin ziren Euskal Herrian lastailaren 8an. Sakanan sei herritan egin ziren: Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Altsasun. Ekimeneko kideek salatu zutenez, "Palestinan 1.096 eguneko infernua ari dira pasatzen". Gaineratu zutenez, "su-eten tranpa izan zen, Israelen gazatarren artean eragiten duen agonia titularretatik kentzeko bakarrik izan duena".
Deitzaileek nabarmendu zutenez, "gerra ezin da ezeren irtenbide izan". Irtenbidea "elkarrizketan, negoziazioan eta elkarrizketa politikoan oinarritua" izan beharko litzatekeela adierazi zuten, eta horren aurrean Euskal Herrian "antolatzera eta saretzera" deitu dituzte herritarrak. "Hori izan behar da orain gure lehentasuna", azpimarratu zuten.
Ekimeneko kideek gaineratu zutenez, "hiru urte ondoren Palestinaren egoera okerrera doa". Ohartarazi zutenez, "genozidioa eta horrek dakarren deshumanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hori normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea; lurraldea inpunitate osoz berenganatzea; iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail izana Israelgo estatuak, horietatik 270 haurrak; 8.000 gorpu errekuperatu ezinik Gazan…"
Bilkuretan gaztigatu zutenez, "Zisjordaniako egoera larriagotu egin da". Izan ere, "kolono israeldarrek 1.200dik gora eraso egin dituzte bertan: kanpamenduak suntsiketak egin, errepresioa areagotu eta kolonizazio prozesua azkartu dituzte".