Aizkora

Oier Mitxelenak eta Iban Resanok Nafarroako Aizkorako lehen maila galdu dute

Maider Betelu Ganboa

Lekunberrin lehiatu ziren aizkolariak, tartean Oier Mitxelena eta Iban Resano. N. MAZKIARAN

Lekunberriko kanporaketan azken bi postuetan sailkatu ziren.

Urriaren 10ean, Lekunberriko festetan, jokatu zen Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa. Hamar aizkolari lehiatu ziren guztira: Iker Vicente, Ibai Soroa, Oier Kañamares, Julen Kañamares, Txomin Amundarain, Jon Rekondo, Xuban Kañamares, Eneko Saralegi, Oier Mitxelena altsasuarra eta Iban Resano dorrobarra. Hiru txandatan lehiatu ziren, eta ez zuten lan makala: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitzea. 

Ibai Soroak sorpresa eman zuen, denborarik onena egin baitzuen (17:01), Iker Vicente bigarrenari 3 segundo aterata (17:04). Hirugarren Jon Rekondo izan zen (18:49), laugarren Txomin Amundarain (18:56), eta bosgarren Eneko Saralegi (19:03). Lehen bostok azaroaren 13an Donezteben jokatuko den final handirako txartela lortu zuten. Julen Kañamares seigarren zian zen (19:23), Oier Kañamares zazpigarren (19:55) eta Xuban Kañamares zortzigarren (21:25). Hiru hauek lehen mailari eutsiko diote. Azkenik, Oier Mitxelena altsasuarra bederatzigarren izan zen (23:27) eta Iban Resano hamargarren (23:39) eta biek lehen maila galdu eta datorren urtean Nafarroako bigarren mailan jokatuko dute.