Greba orokorrerako deialdiaren erregistroa egin dute

Guaixe

Martxoaren 17ko greba orokorreko une bat. ARTXIBOA

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera.

Azaroaren 11ko greba orokorra "Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia" izan behar dela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta etxebizitza sindikatuek deialdi bateratua landu dute. Guztiek bat egin dute azaroaren 11n "etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin".  Horrekin batera, sindikatuek eta etxebizitza sindikatuetako ordezkariek esan dutenez, egun horrek ere balio behar du "langileon pobretzearen kontra eta soldatak igotzearen aldekoa ere". Gogoratu dutenez, "ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin eta kaleak bete genituela". Ziurtatu dutenez, "egoera jasanezina da, langile klasea pobretzen ari da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da".

Greba orokorrerako deialdia egin dutenek ziurtatu dutenez, "etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusia ere". Azpimarratu dutenez, "etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia da etxebizitzarekin egiten den espekulazioa, eta hori jarri nahi dute jomugan". 
 
Lan uzte orokorraren deitzaileek nabarmendu dutenez, "guztiondako kalitatezko etxebizitza bermatzea posible da, baina horretarako erroko hiru transformazio bultzatu behar ditugu: batetik, espekulatzaileen expropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharretara antolatzea". Horrekin batera, eskatu dute "etxegabetze guztien etetea, eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera".

Ziurtatu dutenez, "deialdiarekin bat egiten dutenek bertako patronala eta instituzioak interpelatuko dituzte. Izan ere, Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Eta, etxebizitzaren eremuan, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen dute". Greba orokorraren deitzaileek salatu dutenez, "Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, nahiz eta instituzio horiek badituzte alor horretan eskumen zabalak. Errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia dela uste dute deitzaileek, eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako esparru propioan sakontzeko unea dela ere bai".