Areto futbola

Uharte Arakilen jokatutako hirugarren mailako derbia, Xotarendako

Guaixe

Aralar Mendi areto futboleko taldea. ARTXIBOA

Mutilen hirugarren mailan Xotak eta Altsasuk garaipen sendoak lortu zituzten eta Aralar Mendi punturik gabe geratu zen.

Asteburuan mutilen hirugarren mailako bigarren jardunaldia jokatu zen. Denboraldiko lehen derbi sakandarra izan genuen Uharte Arakilen, Aralar Mendik Xota hartu baitzuen. Lehia biziko partidan 5. minuturako etxekoak aurreratu ziren Aimar Igoak sartutako golari esker baina Xotako Julen Fernandezek bana berdindu zuen 14. minutuan. Segundo batzuk beranduago, ordea, Aralar Mendik ongi erantzun zuen eta Aimar Igoari esker 2-1 jarri ziren aurretik. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen eta Mikel Navarrok 3-1 ezarri zuen markagailuan. Xotak, ordea, ez zuen behera egin eta Felix Iraizozek eta Julen Fernandezek hiruna berdintzea lortu zuten di-da batean. Ez hori bakarrik. Irurtzungo taldeak ekinean segi zuen eta Oier Amezgaraik eta Julen Fernandezek markagailua irauli zuten. 3-5 irabazita, 3 puntuek Uharte Arakildik egin zuten ihes. 

Altsasuk, bestalde, Berriozarko Mendialdea taldea hartu zuen Zelandin. Hasieratik oso fin aritu ziren altsasuarrak, eta Asier Salgadok, Ruben Fernandez de Quincoces eta Aritz Sevillak 3-0 aurreratu zuten etxeko taldea, zaleen gozamenerako. Baina orduan iritsi zen Mendialdearen erantzuna eta Berriozarkoak 3-2 gerturatu ziren markagailuan. Aritz Sevillak Altsasuren laugarrena sartu zuen (4-2), baina Mendialdeak eraso egin eta markagailuan hurbildu zen berriro (4-3). Emozio handiko uneetan, Alexander Vergarak eta Ruben Fernandez de Quincocesek kontrako atean asmatu, eta, azkenean, 6-3, gol festa ederra ospatu zen Altsasun. 

Ardoi da hirugarren mailako areto futboleko liderra (6 puntu). Altsasu laugarren da (6 puntu), Xota seigarren (3 puntu) eta Aralar Mendi hamabigarren eta azkena, punturik gabe. Ligako hirugarren jardunaldian Altsasuk Iruñean jokatuko du zazpigarren den San Juanen kontra, urriaren 17an (16:00). Xotak Ardoi liderra izango du aurkari Zizurren, eta Aralar Mendik hamargarren den Gazte Berriak du aurkari urriaren 17an Antsoainen (18:00).