CCOO sindikatuko kideek esan dutenez, "azaroaren 11ko greba orokorrak gero eta zentzu handiagoa du". Horretarako hainbat adierazleri erreparatu diote: "azken hilabetean izandako lau hamarreneko prezioen igoera (urte artekoa %5,3) Nafarroako langileen erosahalmena murrizten ari da". Horregatik, CCOOko kideek "prezioen kontrol zorrotza" eskatu dute funtsezko gaietan, esaterako: etxebizitza, hipotekak, elikagaiak eta energiak.
Sindikatuko kideek azaldu dutenez, "Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa Estatuko batez bestekoa baino lau hamarren handiagoa da Nafarroan, eta lurraldeko hitzarmen kolektiboetan itundutako soldaten batez bestekoa baino askoz handiagoa". Gaineratu dutenez, "etxebizitzaren batez besteko prezioa %9,5 hazi zen Nafarroan 2026ko bigarren hiruhilekoan, gehiengo sozial langileak onartu ezin duen prezio-igoeran".
CCOOren ustez, "prezioen kontrol faltak milioika familiaren ekonomia oztopatzen du, oinarrizko premiak, etxebizitza, elikadura, seme-alaben hezkuntza edo osasuna eta zainketak asetzeko". Testuinguru inflazionista horretan, "CCOOk neurri gehiago eskatu dizkie Estatuko hurrengo gobernuari eta hurrengo foru gobernuari, inflazioak gehiengo sozial langilearen soldata-igoerak jaten jarrai ez dezan".
Sindikatuarendako "funtsezkoa da kalean eta lantokietan mobilizazioa aktibatzea. Langile klasea erosteko ahalmena galtzen ari da. Enpresaburuek, gutxienez, KPIaren igoera jasotzen duten soldata-igoerak bermatu behar dituzte. Negoziazioa eta mobilizazioa dira langileek dituzten tresnarik onenak beren klase-interesak enpresa-onurekin kontrajartzeko".