Ikasturte hasierak berritasuna ekarri du Etxarri Aranazko eta Altsasuko bi ikastetxeendako: bidegorria. Bi udalek ikastetxeetaraino daramaten bizikletendako bideak egin dituzte. Ikasleek, irakasleek, langileek eta, jakina, herritar guztiek erabil ditzakete bidegorri horiek. Aurrenekoen iritziak jaso ditugu.
"Oinez etortzea nekagarriagoa da, motxilak karga pixka bat du"
Yussef Mejdaubi eta Abde Merzoug
Altsasuko Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko DBH 1 mailako ikasleak dira.
Bizikletan ibiltzeko ohitura duzue?
Abde. Bai, asko.
Yussef. Dantzalekura, futbol entrenamenduetara joateko. Biok talde berean jokatzen dugu, Infantilen lehenengo mailan.
A. Hortik barna bueltaka ibiltzeko ere., Altsasun eta bideetan.
Noiz hasi zinen institutura bizikletan joaten?
A. Lehendabiziko egunetik.
Y. Aurkezpen egunetik etortzen gara bizikletan. Hau da gure aurreneko ikasturtea institutuan.
Lehen zergatik ez zinen bizikletan joaten?
Y. Urrun xamar bizi gara, Geltoki auzoan.
A. Handik oinez etortzea asko kostatzen da, ordu erdi inguru. Bizikletan etortzea erosoagoa da.
Y. Bizikletan berehala gaude institutuan.
A. Oinez etortzea nekagarriagoa da, motxilak karga pixka bat du.
Zein bide erabiltzen duzue institutura joateko?
Y. Herrira etorri eta Foru plazatik Txiokara eta handik bidegorrira, instituturaino.
Zenbat kostatzen zaizue?
A. Hamar bat minutu.
Ikasle gehiagok erabiltzen dute bizikleta klasera joateko?
Y. Askok. Batzuk batzuetan patinete elektrikoan eta besteetan bizikletan etortzen dira.
A. Eta batzuetan oinez. Zeren batzuetan bizikleta zulatzen zaie eta ez dute nola etorri.
Y. Badakigu zulaketak konpontzen.
A. Niri bi aldiz jarraian zulatu zitzaidan.
Zer eginen duzue euritan hasten denean?
A. Autoz etorri, bestela, bizikletan.
Y. Aitak bi txandatan lan egiten du. Goizez lan egiten ez duenetan ekar nazake klasera, bestetan...
A. Motxilan, badaezpada, euriaz babesteko kapa bat dut.
Bidea erosoa da?
Y. Bai, erosoa da, gustura goaz bertatik.
A. Autoek ez digute trabarik egiten.
Zerbait aldatuko zenukete?
A. Pixka bat zabalagoa izan behar luke.
Y. Bi bizikleta gurutzatuz gero batek bidegorritik atera beharra du.
A. Auto asko eta autobusak pilatzen dira. Baina ongi moldatzen gara.
Y. Ikasle gehienak ez dira bizikletan etortzen, edo oinez, patinetean edo autoan. Eta herrietakoak autobusez.
Atsedenaldian bizikletan ibiltzen zarete?
Y. Ez.
Bizikletan joan-etorria egiten ez duten gelakideei zer esanen zeniekete?
A. Bizikletan etortzea hobe da. Oinez etortzeko bidea luzea da. Azkarrago iristen zara, nekatu gabe. Pixka bat gehiago lo egin dezakegu.
Y. Bizikletan etortzea aholkatzen diegu.
"Kontuz joanez gero bi bizikleta parez pare sartzen dira bidegorrian"
Mattin Saralegi Igoa eta Ekain Zelaia Tabar
Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako LHko 6. mailako ikasleak dira.
Bizikletan ibiltzeko ohitura duzue?
Mattin. Bai. Mendira lagunak bizikletaz joaten gara, saltoak egitera. Eta batzuetan herrian gelditzen gara, herrian barna ibiltzeko.
Ekain. Bidegorritik Etxarri Aranaztik Arbizura joaten naiz, handik basora, Sandindeira.
M. Gu beheko basora joaten gara. Pixka bat aldatzen joaten gara. Saltoak egitera beheko basora joan ginen azkenekora. Bakaikura ere joan izan gara, xendetatik.
Noiz hasi zinen ikastolara bizikletan joaten?
E. Duela bi urte hasi ginen bizikletan joaten.
Lehen zergatik ez zinen bizikletan joaten?
M. Lehenago ez ginen bizikletan joaten adinagatik.
E. Lehen autoz edo oinez joaten nintzen.
M. Ni oinez. Udaletxe parean gelditzen ginen, elkarrekin joateko.
Zein bide erabiltzen duzue ikastolara joateko?
M. Udaletxe parean gelditzen gara klaseko kideekin eta bidegorritik joaten gara.
E. Bizikletendako hain egokituta dagoen beste biderik ez dago.
Zenbat kostatzen zaizue?
M. Bost minutu asko jota.
E. Hiru minutu.
M. Berez, garaiz ateratzen gara.
Eta oinez?
M. 10-15 minutu.
E. Erritmoaren arabera.
Ikasle gehiagok erabiltzen dute bizikleta klasera joateko?
E. Gutxi batzuk joaten gara bizikletan.
M. Hiruzpalau. Denak mutikoak.
E. Neskak herrian gurekin bizikletan ibiltzen dira.
Zer eginen duzue euritan hasten denean?
M. Batzuetan.
E. Tokatu dakigu, bai.
M. Xira jarri eta pixka bat azkarrago joan behar.
Bidea erosoa da?
E. Bai.
Zerbait aldatuko zenukete?
M. Bidegurutze bat dago eta autoak gurutzatu egiten zaizkigu. Baina konturatzen dira bizikletan joaten garela.
E. Auto batzuk bidegorri gainean aparkatzen dute eta errepidera pixka bat atera behar izaten dugu.
M. Kontuz joanez gero bi bizikleta parez pare sartzen dira bidegorrian.
Atsedenaldian bizikletan ibiltzen zarete?
M. Ez digute uzten. Aparkatuta gelditzen dira.
Bizikletan joan-etorria egiten ez duten gelakideei zer esanen zeniekete?
E. Nahi dutena egin dezakete, baina bizikletan joatea gomendatzen diet.
M. Bizikletan joatea oso dibertigarria da. Gehiago animatuko balira, lagun gehiago joanen ginateke.
"Jendea bidegorritik oinez joaten da eta guk atera behar izaten dugu"
Kepa Igoa Garziandia eta Luka Mauduit Senar
Etxarri Aranazko San Donato eskolako LHko 5. eta 4. mailako ikasleak
Bizikletan ibiltzeko ohitura duzue?
Luka. Ni patinekin herrian lagunekin jolasten naiz.
Kepa. Herrian bizikletan ibiltzen gara lagunak.
Noiz hasi zinen eskolara bizikletan eta patinetan joaten?
L. Hiru urtetatik patinekin eskolara joaten naiz.
K. Aurten hasi naiz bizikletan joaten. Lagunekin joaten naiz. Eta batzuetan amonarekin.
Lehen zergatik ez zinen bizikletan joaten?
L. Lehen oinez eta lagunduta joaten nintzen.
Zein bide erabiltzen duzue eskolara joateko?
L. Herritik bidegorrira eta handik eskolara.
Zenbat kostatzen zaizue?
L. Hiruzpalau minutu kostatzen zait iristea.
K. Ni ere berdin, ia aldamenak gara.
Ikasle gehiagok erabiltzen dute patinak edo bizikleta klasera joateko?
L. Patinetan joaten den bakarra naiz.
K. Bizikletan asko joaten gara.
Zer eginen duzue euritan hasten denean?
L. Patinetan joaten naiz, aterkiarekin eta pixka bat geldiago. Bestela erori eta...
K. Botatzen duen euriaren arabera erabakitzen dut bizikletan joan edo ez. Langarra badago eskolara bizikletan noa. Baina zaparradekin, ez. Orduan oinez edo autoan.
Bidea erosoa da?
L. Bidea ongi dago, baina aldapa asko dauzka.
K. Hala da.
Zerbait aldatuko zenukete?
L. Jendea bidegorritik oinez joaten da.
K. Eta horrelakoetan gu bidegorritik atera behar izaten dugu. Eta auto batzuk bidegorrian uzten dituzte.
Atsedenaldian bizikletan ibiltzen zarete?
K. Ez digute uzten.
Bizikletan joan-etorria egiten ez duten gelakideei zer esanen zeniekete?
L. Nahi duten bezala joan daitezela.
"Lagunekin etortzen gara. Txiokan elkartu eta denok batera joaten gara"
Ekia Miguel Sarasola eta Asier Ibero Vidal
Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako LHko 6. mailako ikasleak dira.
Bizikletan ibiltzeko ohitura duzue?
Ekia. Bai, gurasoekin bizikletan ibiltzera joaten naiz. Eta batzuetan lagunekin ere bai.
Asier. Lagunekin egunero joaten naiz mendira, errekara. Amarekin ere ibiltzen naiz... Egunero ibiltzen naiz bizikletan.
Noiz hasi zinen ikastolara bizikletan joaten?
E. Bidegorria egin zutenean, pasa den ikasturte akaberan.
A. Gauza bera. Eta ikasturte honetan jarraitzen dut egunero etortzen.
Lehen zergatik ez zinen bizikletan joaten?
E. Lehen arrisku gehiago zegoen, autoak etortzen ziren. Ez zegoen bizikletaz joateko biderik. Bidegorriak segurtasuna ematen du.
A. Amatxok ez zidan errepidetik joaten uzten. Baina bidegorria egin zutenetik, bai.
Zein bide erabiltzen duzue ikastolara joateko?
E. Lagunekin etortzen naiz. Udaletxe parean elkartzen gara eta Txiokara joaten gara. Han guztiok bat egin eta bidegorritik etortzen gara. Kontu-kontari aritzen gara. Mutilak lehenengo joaten dira, eta neskak atzetik.
A. Ni ere lagunekin etortzen naiz. Txiokan jarrita dugu hitzordua, han elkartu eta denok joaten gara. Ondoren hemen pixka bat hitz egiten gelditzen gara.
Zenbat kostatzen zaizue?
A. Guri hiru edo bost minutu, gutxi.
E. Bost edo hamar, egunaren arabera.
Eta oinez?
A. Hamar minutu, batzuetan hogei. Eta euria egiten badu, batzuetan da, beno, beno...
E. Eta oinez etortzean ere lagunekin egiten dugu bidea.
Ikasle gehiagok erabiltzen dute bizikleta klasera joateko?
A. Bai, altsasukoak diren ia guztiek.
Zer eginen duzue euritan hasten denean?
E. Normalean motxilan aterkia eramaten dut, eta euria egiten badu, ateratzen dut.
A. Batzuetan amak autoz ekartzen nau. Besteetan, oinez. Euri asko egiten duenean erori naiteke eta amatxok ez du hori nahi. Ezta nik ere. Beraz...
Bidea erosoa da?
E. Bai, suabe joaten bazara, bai.
A. Azkar samar joaten gara. Eta batzuetan bihurgune batzuk hartzeko zail samarrak dira. Baina ondo dago.
Zerbait aldatuko zenukete?
A. Bihurgune bat gaizki hartzeko dago. Margen gehiago izateko zerbait jarriko nuke. Zeren bestela... Herritik etortzen lehen aldapa jaistean dago bihurgunea. Gero bidearekin izkin egiten saiatu izan balira bezala zuhaitz bat dago. Hor zabalduko balute, hobe.
E. Asierrek aipatu duen lehen bihurgune horretan, gainera, erreka dago.
Atsedenaldian bizikletan ibiltzen zarete?
E. Hor, aparkatuta uzten ditugu.
A. Bai, lagunekin jolasten eta hitz egiten egoten gara.
Bizikletan joan-etorria egiten ez duten gelakideei zer esanen zeniekete?
E. Lagunekin joatea ongi dago, anima daitezela.
A. Animatuko nituzke, bidegorria gehiago erabiltzeko. Egin badute, gutxienez erabiltzeko. Bestela...


