Erosteko modua asko aldatu da azken urteotan. Interneten begiratu, alderatu eta mugikorretik erosten dugu; erosotasuna eta konponbideak nahi ditugu.
Horregatik, tokiko merkataritzan ere aldatzen ari gara.
Sakanako dendariok gure bezeroen beharretara egokitzen ari gara. Produktu eta zerbitzu berriak, prestakuntza, teknologia, sare sozialak… Baina, batez ere, entzuten eta egunerokoa errazteko konponbideak bilatzen.
Gertu egotea abantaila handia baita. Hemen bizi gara, gure herriak ezagutzen ditugu eta egunero hitz egiten dugu bezeroekin. Haien beharrek hobetzen laguntzen digute. Ez dugu nahi tokiko dendak izateagatik bakarrik aukeratzea; konfiantza hori irabazi nahi dugu.
Baina herriak bizirik mantentzea ez dago dendarion esku bakarrik. Pertsona askok, gazteek bereziki, zailtasunak dituzte beraien herrietan etxebizitza aurkitzeko. Etxebizitza eskuragarriak eta alokairu merkeak behar ditugu, pertsonak hemen gelditzeko eta familiek gure herrietan bizitzeko aukera izan dezaten.
Etxebizitzak diru-sarreren zati handiegia hartzen badu, familiei diru gutxiago geratzen zaie beste beharretarako, aisialdirako edo erosketetarako. Hau da, errenta erabilgarri txikiagoa dute, eta horrek tokiko merkataritzan ere eragiten du.
Eta lotura bat ere badago: jendeak herritik alde egin behar badu, biztanleria galtzen dugu; bezero gutxiago, zerbitzu gutxiago eta kaleetan bizitza gutxiago. Merkataritza sendoak herriak bizirik mantentzen laguntzen du, baina merkataritzak ere jendea behar du.
Horregatik, tokiko merkataritzaz hitz egitea etxebizitzaz, biztanleriaz eta herrien etorkizunaz hitz egitea ere bada.
Guk entzuten, hobetzen eta egokitzen jarraituko dugu.
Eta urrun klik egin aurretik, gogoratu: agian konponbidea uste baino gertuago eta eskuragarri dago.