Aurreko asteburuan Lau eta Erdiko Pilota Txapelketako final zortzirenak erabaki ziren, eta dagoeneko final laurdenetako ligaxkan dago kaiolako txapelketa. Final laurdenetan hiru jardunaldi daude jokoan.
Ezkurdia, ongi hastera
A Seriean edo maila nagusian, A multzoko zerrendaburuetako bat zen Joseba Ezkurdia, eta aurrelari arbizuarra asteburu honetan sartuko da lehian. Ligaxkako lehen partidan Peio Etxeberria lagun mina izango du aurkari gaur, ostirala, Amorebieta Etxanon jokatuko den partidan. Lau eta Erdian espezialista da Ezkurdia, hiru txapela baititu, baina Peio Etxeberria da egungo txapelduna, eta bi trenen arteko talka espero da Bizkaian. Final laurdenak ongi hastea gakoa da, eta urrezko puntua lortuko du irabazleak. Ezkurdia sasoi oso onean iritsi da txapelketara, eta ea sentsazio onekin ekiten dion kaiolari.
Bakaikoa, ziurtasunez
B Seriean edo promesen mailan final zortzirenetako kanporaketa jokatu behar izan zuen Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarrak. Aurreko ostiralean Atarrabian jokatutako kanporaketan Alberdi II.a izan zuen aurkari, eta partida oso borrokatuan 22-17 gailendu zen, txapelketako A multzoan aurrera eginez.
Bakaikoa kaiolan espezialista handia da, promozioko Lau eta Erdiko hiru txapela baititu. Final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia igandean jokatuko du, Ogetan, Eskirozen kontra. Oso ongi ezagutzen diote elkarri, eta lehia estua espero da.