jose luis erdozia

"Bertakoa batuarekin nahasten da; behintzat hori dena jasota uztea"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B.

Jose Luis Erdozia liburuaren aurkezpenean. UTZITAKOA

'Lakuntzako euskara (hizkera eta onomastika)' liburua aurkeztu zuen Jose Luis Erdozia Mauleonek, urriaren 9an, Lakuntzako liburutegian.

Duela bi hamarkada baino gehiago hasitako ikerketa plazaratu du Jose Luis Erdozia Mauleon hizkuntzalariak eta idazleak Lakuntzako euskara (hizkera eta onomastika) liburuan, Sakana Groupen laguntzarekin. GUAIXE IRRATIAn izan da.

Nola jaso zenuen liburua egiteko gonbitea? 

"Egunen batean egingo nuela esan nuen, eta atera da; herri gehienetakoak aterako dira"

Nire asmoaren barnean zegoen, Sakanako hizkera guztiak bezala. Honek badauka 27 urteko historia. 1999an egon nintzen lehendabiziko aldiz Lakuntzako bikote batekin bertako hizkera aztertzeko. Orduan euskal filologia doktoretza egiten ari nintzen eta tesia egiteko Sakanako erdialdeko hizkerak hartu nituen. Bonaparte printzeak mapa famatu hori egin zuenak esaten zuen Etxarri, Ergoiena eta Burundako euskara gipuzkera zela eta Arbizutik aurrera nafarrera eta niri iruditzen zitzaidan ezetz. Orduan, Felix Arregi eta bere emaztearekin egon nintzen eta izugarrizko informazioa hartu nuen. Egunen batean egingo nuela esan nuen, gorde nuen, eta atera da. Geldi-geldi herri gehienetakoak aterako dira. Euskara bizirik mantentzen direnenak. Etxean seme-alabek ez dute bertako hizkera egiten, eta normala da. Batuarekin nahasten da eta ezinbestekoa da iraun behar badu euskarak, baina pena ematen dit eta behintzat hori dena jasota utzi nahi dut. 

Herri guztiak jasota dituzu? 
Gehienetakoak. Dokumentazioa biltzen ibili nintzen herriz herri, adineko jendearekin grabaketak egin nituen, eta batzuk transkribatu. Orduko eta gaurkoekin gramatika deskribatzailea esaten diodana egiten dut; horrek esan nahi du ez dela derrigorrez aplikatu behar, baina jasotzen da orain dela 30 edo 50 urte herriko hizkera hori, gramatika ia zer zen ez genekienean. 

Liburuak babesletza dauka, ezta? 
Izugarria izan zen eta gainera ia ustekabean izan zen. Aiaupenanik taldeak Lakuntzako hiztegia egin zuen eta aurkezpenera gonbidatu ninduten. Halako batean Sakana Groupen lan egiten duten ezagun batzuk etorri ziren horrelako zerbait egiten ari nintzela jakitun eta esan zidaten ea zergatik ez nuen laguntza eskatzen; laguntza soziala delakoa dute. Hurrengo egunetan posta elektronikoa bidali nuen eta aurrera. Oso ongi portatu ziren. 

Lakuntzako euskara, hizkera eta onomastika. Zer da?
Hizkera denok ulertzen dugu; liburuak 260 orrialde baditu, 160 hizkerarenak dira. Lakuntzarrak joan den mendean, behintzat erdialdean, erabiltzen zuten euskara. Helburua da erakustea nola erabiltzen zuten lakuntzarrek. Orduan, atal desberdinak ditu: fonetika edo fonologia esaten duguna; hizkuntzalaritza (bokalak, kontsonanteak edo diptongoak) eta zer aldaketak gertatzen diren batez ere inguruko herriekin edo batuarekin alderatuta; morfologia (izenak, izenondoak eta aditzak), eta horretan izan ditut informatzaile oso zehatzak, Mikelatxo Flores eta bere ahizpa. Gero sintaxia dago, esaldiak. Oso gauza kuriosoa izan zen ehun bat orri kendu behar izan nituelako Aiaupenanik taldeak hiztegia aurkeztu zuelako eta zertarako hiztegia errepikatu urte berean? Errepasatu nuen liburu horretan agertzen ez direnak eta horiek jaso ditut. Ehun bat hitz eta esamolde. Orain dela 26 urte jaso nuena transkribatuta agertzen da, Blas Alegriaren Lakuntzako Pertzan idatzi bat egin zuen eta hori ere badago, eta Eugenio Ulaiar Etxarriko apezak idatzitakoak ere bai. Onomastika ere agertzen da; izen bereziekin zerikusia du. 

Lakuntzako liburutegian aurkeztu zenuen. 
Espero nuen bost edo hamar lagun joatea, ongi, eta 30 bat etorri ziren. Banekien gehiena adineko jendea izango zela. Nire interes handiena liburua hartzen dutenean agertzen dena ulertzea zen.  


Jose Luis Erdoziaren aurkezpena Lakuntzako liburutegian. UTZITAKOA