Pilota

Ezkurdiak Peio Etxeberria estutu zuen, baina zenoztarrak lortu zuen puntua; B Seriean, Bakaikoaren lehen puntua

Guaixe

Biek ederki jokatu zuten, baina puntua Peio Etxeberriak eskuratu zuen. ASPEPELOTA.EUS

Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian, Ezkurdiaren azken uneko akatsei esker gailendu zen Peio Etxeberria. B Seriean, Bakaikoak lehen puntua lortu zuen.

Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxka pil-pilean dago. Asteburuan jokatutako lehen jardunaldian, A multzoan Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria izan zuen aurkari Amorebieta-Etxanon. Bi espezialista handien talka izan zen, Ezkurdiak hiru txapel baititu eta Peio Etxeberria egungo txapelduna baita, txapel batekin. 

Bi pilotariek lehia oso borrokatua izan zuten. Hasieran Etxeberriak dominatu zuen eta 10-3 jarri zen aurretik. Ezkurdiak, baina, partidari buelta eman zion eta 15-4ko partzialari esker 18-14 jarri zen aurretik, ikusgarri aritu eta gero. Ezkurdiak partida bideratua zuela zirudienean, ordea, egungo txapeldunaren erantzuna iritsi zen eta zortzi tanto sendo egin eta gero, markagailua irauli eta 22-19 gailendu zen. Bere urtebetetze egunean opari ordainezina jaso zuen Peio Etxeberriak, final laurdenetako puntuak garesti baitaude. Ezkurdia penatuta zegoen azken txanpa horretan egindako akatsengatik, baina tantoaverage-a kontuan hartuta, 19 tanto egin zituen eta horrekin konformatu beharko du. 

A multzoko beste partidan Elordiri 19-22 irabazi zion Muruak. B multzoan, Peña II.ak 11-22 hartu zuen mendean Laso eta Altuna 15-22 erori zen Zabalaren kontra. 

B Seriean, Bakaikoaren lehen puntua
B Serieko Lau eta Erdiko Txapelketan, final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian puntu gozoa lortu du Joanes Bakaikoak, Gasteizko Ogeta pilotalekuan Eskiroz 22-12 mendean hartuta. Aurrelari etxarriarrak hiru txapela ditu, eta faboritoen artean dagoela erakutsi zuen, partida gogorrean lehen zatian abantaila hartuta. 48 minutu iraun zuen partidan bi pilotariek 285 pilotakada gurutzatu zituzten.