Futbola

Txanponaren bi aldeak Lakuntzan eta Altsasun

Guaixe

Lagun Artea laugarren da sailkapenean. 

Erregional mailan Lagun Arteak garaipena lortu zuen eta Altsasu B erori egin zen.

Erregional mailan bosgarren jardunaldia jokatu zen. Lagun Arteak Beti Onak B taldea hartu zuen Zelai Berrin. 5. minuturako Atarrabiako taldea aurreratu zen (0-1), eta lakuntzarrak berehala berdintzen saiatu ziren. 5 minutu beranduago banakako berdinketa lortu zuten, Amets Satrustegik sartutako golari esker (1-1). Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen partida guztian barna. Bi taldeek berdinketa apurtu nahi zuten, baina ezin. Partida bukatzear zela, luzapenean, iritsi zen garaipenaren gola, Iker Anduezak lortutakoa (2-1) eta Lagun Arteak zorionez ospatutakoa. 3 puntu garrantzitsu geratu ziren etxean. 

Altsasu B-k Arga Ibaia hartu zuen Dantzalekun. 3. minuturako iruindarrak aurreratu ziren (0-1). Partida berdintzen saiatu ziren altsasuarrak, baina lehen zatian markagailua ez zen gehiago mugitu. Bigarren zatia hasi eta berehala, 46. minutuan Arga Ibaiak bigarren gola sartu zuen, altsasuarrendako kolpea (0-2). Hala ere, gorritxoek ez zuten etsi eta ekinean jarraitu zuten. 84. minutuan iruindarrak hirugarren gola sartu zuten eta partida erabakita utzi zuten (0-3). 

Erregional mailako bosgarren multzoko liderra San Jorge B da (11 puntu). Lagun Artea laugarren da (10 puntu) eta Altsasu B hamabigarren (3 puntu). Seigarren jardunaldian Lagun Arteari atsedena dagokio eta Altsasu B-k sailkapenean bosgarren den Alde Zaharreko kluba du aurkari urriaren 25ean, igandea, El Iratin (19:30).