Futbola

Altsasu lider jarri da eta Etxarrik ez zuen puntuatu

Guaixe

Altsasu preferenteko lider jarri da. 

Preferente mailako bosgarren jardunaldiak 3 puntu utzi ditu Sakanan.

Preferente mailan bosgarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Zizurren jokatu zuen Ardoi B taldearen kontra. Sakandarrak ongi hasi ziren, 2. minuturako Armstrongek gola sartu baitzuen (0-1). Lehiak estu jarraitu zuen baina lehen zatian ez zen gol gehiago izan. Bigarren zatia hasi eta berehala Jon Lopez de Goikoetxeak 0-2 aurreratu zuen Altsasu, eta Imanol Lobok 81. minutuan sartutako hirugarrenak partida nahiko bideratua utzi zuen (0-3). Zizurkoek ez zuten behera egin eta partida bukatzear zela lehena sartu zuten, eta luzapenean bigarrena. 2-3 irabazita, Altsasuko feriak gustura ospatu zituzten altsasuarrek. 

Etxarri Aranatzek Valle de Egues B hartu zuen San Donaton. Ia konturatu gabe, 10. minuturako 0-2 aurreratu ziren Iruñerriko jokalariak. Partidari buelta ematen saiatu zen Etxarri, baina atsedenaldia baino lehen hirugarren gola sartu zuen eta kontrako 0-3arekin joan ziren atsedenaldira etxarriarrak. Bigarren zatia hasi eta berehala, 48. minutuan Jon Erdoziak gola sartu zuen (1-3) eta markagailuari buelta emateko itxaropena piztu zen San Donaton. Saiatu bai, baina ezinezkoa izan zen eta 1-3 galduta punturik batu gabe bukatu zuen jardunaldia Etxarri Aranatzek. 

Zizurren lortutako garaipenari esker Altsasu da preferente mailako lider berria (11 puntu). Etxarri Aranatz hamargarren da (6 puntu). Seigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamabosgarren den Beti Casedano hartuko du Dantzalekun urriaren 24an, larunbata (17:45). Etxarri Aranatzek Sanduzelain jokatuko du urriaren 25ean, igandea (18:30), zortzigarren eta arerio zuzena den Soto-Ibarbasoren kontra.