Asteburuan areto futboleko hirugarren mailako hirugarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk hirugarren garaipena jarraian lortu zuen, San Juan taldea Iruñean 3-5 mendean hartu eta gero. Xabier Aiestaranek Altsasu aurreratu zuen (0-1), baina San Juanek indartsu erantzun zuen eta 3-1 jarri zen aurretik. Hortik aurrera iritsi zen Altsasuren erantzuna, Ruben Fernandez de Quincocesek, Asier Salgadok (2) eta Aritz Sevillak egindako golei esker 3-5 gailendu baitziren gorritxoak.
Irurtzungo Xota, aldiz, 7-5 erori zen Zizurren Ardoiren kontra jokatutako partida borrokatuan. Irurtzundarrek ongi hasi zuten partida, 0-3 aurreratu baitziren Julen Fernandezek (2) eta Oier Amezgaraik sartutako golei esker, baina Ardoi 2-3 gerturatu zen eta lehia izugarri estutu zen. Alain Moralesek 2-4koa ezarri zuen Xotaren alde, baina segituan Ardik launa berdindu zuen (4-4). Alain Moralesek atzera ere Xota aurreratu zuen, 4-5, baina azken aldia izan zen, Ardoi azken txanpan finago aritu zelako eta, azkenean, 7-5 gailendu zelako.
Uharte Arakilgo Aralar Mendik Antsoainen jokatu zuen Gazte Berriak taldearen kontra. Etxekoak 3-0 aurreratu ziren, baina Jon Iribarrenek sartutako golari esker 3-1 gerturatu zen Aralar Mendi. Laugarrena sartu zuen Gazte Berriak-ek, baina Jorge Mariñelarenak 4-2 hurbildu zuen talde sakandarra. Hortik aurrera, baina, Gazte Berriakek sekulako aldea atera zuen, 8-2. Jon Iribarrenek Aralar Mendiren hirugarrena sartu eta gero (8-3) ez zen aldaketa gehiago izan eta punturik gabe itzuli ziren uhartearrak.
Datorrena
Ardoi da hirugarren mailako liderra (9 puntu) eta Altsasu bigarren postuan dago, puntu berberekin (9 puntu). Xota seigarren da (3 puntu) eta Aralar Mendi hamabigarren, punturik gabe. Laugarren jardunaldian Altsasuk hirugarren eta arerio zuzena den Anaitasuna hartuko du urriaren 22an, 20:00etan. Xotak sailkapenean zazpigarren eta arerio zuzena duen Gazte Berriak taldea hartuko du Atakondoan urriaren 24an (12:15), eta Aralar Mendik sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena den Mendialdeari egingo dio harrera urriaren 24an (19:00).