Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak jakinarazi duenez, Nafarroan 262 baso sute erregistratu ziren udako suteak prebenitzeko eta itzaltzeko kanpainan, hau da, maiatzaren 1etik lastailaren 12ra. Sute horietatik 30 Sakanan (Urbasa barne) izan ziren. Ibarrak 305,13 kilometro karratuko azalera du (Urbasa sartu gabe), hau da, Nafarroako azaleraren %2,94. Baina udan herrialdean izandako suteen %11,45 Sakanan izan dira.
Maiatza erdialdera arte euritan egon ondoren, tenperatura oso handiko aldiak egon dira maiatzaren akaberatik irailera arte. Tarte horretan euri gutxi egin du. Ondorioz, lurrak eta landareek hezetasuna galdu ahala suteak errazago piztu eta zabaldu ziren. Gobernuak emandako datuen arabera, maiatzean ez zen suterik piztu Sakanan. Bi izan ziren garagarrilean, %6,67, eta bosna garilean eta agorrilean, %16,67 hilabete bakoitzean. Irailak hartu zituen sute gehienak: hemezortzi, 60.
Datuen arabera, Arakilgo, Altsasuko eta Urbasako sute guztiak irailean piztu ziren, dena lehorren zegoenean. Bakaikuko eta Olatzagutiko hiru suteetatik bi ere irailean izan ziren. Baita Arbizu eta Iturmendiko bakarrak ere. Eta Ergoienako eta Etxarri Aranazko sute bana. Sute gehien, bederatzi, irailaren 20tik 28ra bitartean izan ziren. Haietako hiru irailaren 25ean piztu ziren. Beste lau egunetan bina sute izan ziren: garilaren 26an, agorrilaren 1ean eta 30ean eta irailaren 11n.
Udalerriei dagokienez, 21 sute, %70, Ergoiena eta Olatzagutia arteko udalerritan izan ziren. Ergoienan eta Altsasun launa sute izan ziren. Hiruna Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain eta Olatzagutian. Eta bakarra Iturmendin. Sakanako lau udalerritan ez zuten suhiltzaileek sua itzaltzen lanik egin udan: Irurtzun, Irañeta, Arruazu eta Ziordian. Sute bakarra izan zen Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun eta Iturmendin.