Ziur aski, azken hilabeteetan askotan entzungo zenuen adimen artifizialaz edo, besterik gabe, AAz hitz egiten. Telebistan diote mundua aldatuko dela. Irratian ia egunero hitz egiten dute. Agian seme edo bilobaren batek esan dio ChatGPT erabiltzen duela ikasteko edo lan egiteko. Baliteke lankideren batek edo auzokoren batek galdetu izana ea probatu duen.
Hainbeste albiste entzuten ditugunean, normala da geure buruari galderak egitea. Zer da benetan adimen artifiziala? Hain konplikatua al da? Nola lagun diezaguke?
Erantzuna dirudiena baino askoz errazagoa da. AA hizkuntza naturala erabiliz ordenagailuarekin komunikatzeko aukera ematen duen tresna da, beste pertsona batekin hitz egingo bagenu bezala. Galderak egin diezazkiokegu, gai bat azaltzeko eskatu, gutun bat idazten laguntzeko eskatu, testu bat itzultzea eskatu edo oporrak antolatzeko ideiak eskatu.
AA liburu asko irakurri dituen pertsona bat bezalakoa da. Gai askori buruz asko daki. Ezagutza horri esker, galderak erantzuteko, kontzeptuak azaltzeko edo ideiak aurkitzen laguntzeko gai da. Baina, edonork bezala, ez daki dena. Oker ere egon daiteke, datuak nahastu edo erantzun desegokia eman. Horregatik, garrantzitsua da beti zentzuz jokatzea eta, behar denean, informazioa egiaztatzea.
Orain berritasun bat dirudien arren, AA ez zen duela bizpahiru urte agertu. Urte askotako ikerketaren eta ordenagailuek eta Internetek izan duten aurrerapen handiaren emaitza da. Honaino nola iritsi garen ulertzeko, nahikoa da istorio honetako une garrantzitsuenetako batzuk ezagutzea.
Goiko irudiko denboraren lerroari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu AA ez dela sortu gauetik goizera. Beste aurrerapauso bat da. Lehen ordenagailuak etorri ziren, gero Internet, ondoren telefono adimendunak, eta orain AArekin hitz egin dezakegu. Tresna honek eguneroko lan askotan laguntzen digu.
Adibide praktiko bat
Gaur egun AAko tresna asko daude, baina ezagunenak ChatGPT, Gemini eta Claude dira.
Horiek guztiek antzera funtzionatzen dute: galdera edo eskaera bat idazten dugu eta, segundo batzuk barru, erantzun bat jasotzen dugu. Gutun bat idazteko, dokumentu bat laburbiltzeko, albiste bat hitz errazekin azaltzeko edo familia-bazkari baterako edo elkarte bateko bilera baterako hitzaldi bat prestatzen laguntzeko eska diezaiekegu.

Eguneroko egoera askotan ere baliagarriak izan daitezke. Adibidez:
- Bazkaltzeko gonbidatuak ditugu eta oilaskoa, patatak eta barazkiak baino ez ditugu hozkailuan. Eska diezaiokegu: "Zer errezeta presta dezaket lau lagunentzako osagai hauekin?".
- Administrazio baten gutuna jaso dugu eta ez dugu ongi ulertzen. Galde diezaiokegu: "Azaldu gutun hau hitz errazekin ?" edo "Zer esan nahi du dokumentu honek eta zer egin behar dut?".
- Erreklamazio bat prestatu nahi dugu, faktura oker bat jaso dugulako edo Udalari, bankuari edo telefono-konpainia bati mezu bat idatzi behar diogulako. AAk lagun diezaguke hau egiten.
- Lagunekin edo familiarekin txangoa antolatzen ari gara eta eguna pasatzeko ideiak behar ditugu. Ibilbide bat proposatzeko, ordutegi bat prestatzeko edo zer eraman gomendatzeko eska diezaiokegu.
- Ikasle batek ikasgelan ulertu ez duen gai bat ulertzeko edo azterketa baten aurretik laburpen bat prestatzeko erabil dezake.
Zein da onena? Erantzuna erraza da: behar dugunaren araberakoa da. Egurra mozteko eta betaurrekoak konpontzeko tresna bera erabiltzen ez dugun bezala, denetarako onena den adimen artifizialik ere ez dago.
w
Hori bai, komeni da gauza garrantzitsu bat gogoratzea. AAk Ogasunaren, Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gobernuaren gutun bat ulertzen lagun dezake, baina ez du profesional baten aholkularitza ordezten erabaki garrantzitsu bat hartu behar denean. Dokumentu bat hobeto ulertzen edo galdera bat prestatzen lagun diezaguke, baina azken erabakia beti gurea da.
Animatzen zara probatzera?
Ireki tresnetako bat eta egin galdera bat. Hori da hasteko modurik onena. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta aukera gehiago aurkituko dituzu zure egunerokoan laguntzeko. Agian harrituko zara zenbat gauzatan lagun zaitzakeen.
Egia ala gezurra?
"Adimen artifiziala gazteentzat bakarrik da."
Erantzuna: ❌ Gezurra.
Adimen artifiziala edonork erabil dezake. Ez da informatikan aditua izan behar, ezta teknologia asko jakin ere. Nahikoa da lehen galdera egitea eta pixkanaka tresna ezagutzen joatea.